Espainiako Gobernua
EH Bilduren negoziaziorako eta elkarrizketarako "asmo ona" nabarmendu du Iglesiasek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk, bestalde, aurreratu du ez duela aurrekontuen negoziazioan "marra gorririk" jarriko, baldin eta kontu aurrerakoiak badira, alegia, "Ciudadanosen babesik gabekoak".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteordeak ziurtatu du, ERC eta EH Bildurekin bildu eta gero, bi alderdiek negoziaziorako eta elkarrizketarako "asmo ona" erakutsi dutela, berriro ere; hots, "legegintzaldiaren egonkortasunari eutsi nahi diotela biek ala biek".
Bigarren Presidenteordetzako iturriek eman dute horren berri, ERCk Kongresuan duen bozeramaile Gabriel Rufianekin eta haren homologo Mertxe Aizpuruarekin (EH Bildu) izan ostean. 2021eko aurrekontuen prozesuan babesa bilatzeko Espainiako Gobernuak deitutako bileren baitan egin dute gaurko hitzordua.
Presidenteordetzako iturriek zehaztu dute alde biek garrantzitsutzat jo dutela "egonkortasunaren beharra" eta "norabide aurrerakoi baten aldeko apustua".
Horretarako, "elkarrizketa indartzea" jarri dute abiapuntutzat, lurralde krisiari irtenbidea bilatze aldera.
Era berean, begi onez jo dituzte "aurrerapauso sozial eta ekonomikoak emateko orduan Europako funtsek eskaintzen dituzten aukerak".
EH Bilduk ez du aurrekontuen negoziazioan "marra gorririk" jarriko
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu du ez dutela aurrekontuen negoziazioan "marra gorririk" ezartzeko asmorik, baldin eta kontu aurrerakoiak badira, alegia, "Ciudadanosen babesik gabekoak".
Aizpuruak azpimarratu du "positiboa eta emankorra" izan dela gaurko batzarra, alde biek jarrerak elkartrukatu dituztelako "bizi dugun osasun krisiaren aurrean". "Bat etorri gara", esan du, oraindik "zintzilik" dauden arazoak konpontzeko aukera dagoela iritzita.
Testuinguru horretan, "arduraz jokatzeko konpromisoa" erakutsi du, alegia, "eztabaidatzeko" eta "akordioetara iristeko" nahia. "Hori lortzeko, nahitaezkoa da bidelagunak ondo aukeratzea", gaineratu du Gobernuari mezu argi bat helarazita: "Inbestiduran alde izan zenituenekin iritsi behar zara akordioetara, ez Ciudadanosekin".
EH Bilduk, baina, ez du aurrekontuen eta presoen arteko elkartrukerik proposatuko, nahiz eta espetxe politika aldatzea exijituko duen. Horrekin lotuta, Aizpuruak adierazi du aldez aurretiko jarrera ona erakutsi diola Iglesiasek.
Bukatzeko, PPren lan erreforma baliogabetzeko premia azpimarratu du EH Bilduk.