Itxi

Espetxeak

Bost preso Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara eramango dituzte

eitb.eus

Leer en Castellano

Jon Zubiaurre, Liher Aretxabaleta, Xabier Zabalo, Roberto Lebrero eta Arkaitz Agote dira. Gainera, Xabier Atristain Soriako espetxetik Martutenera hurbilduko dute.

Xabier Atristain Soriako espetxetik Martutenera hurbilduko dute. Artxiboko irudia: EiTB

ETAko bost preso Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara eramateko eta seigarren bat Martutenera hurbiltzeko agindua eman du Espetxe Zuzendaritzak.

Espetxe Zuzendaritzak jakitera eman duenez, Jon Zubiaurre Puerto I Cadizko espetxetik Burgosera eramango dute. Era berean, Liher Aretxabaleta Burgosera eramango dute, baina kasu honetan Ocañatik (Toledo).

Xabier Zabalo Beitia Puerto I espetxetik Valladolideko presondegira lekualdatuko dute. Gainera, Roberto Lebrero Panizo Sevillako kartzelatik Burgosera eramango dute. Azkenik, Arkaitz Agote Cillero Alboloteko espetxetik (Granada) El Duesora (Kantabria) eramango dute.

Bestalde, Xabier Atristain Gorosabel Soriako espetxetik Martutenera (Donostia) hurbilduko dute.

AVT: "Sakabanaketa politika indargabetu dutela agerian geratu da berriro"

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) ohar batean ohartarazi duenez, ETAko presoen % 53 Espainia iparraldeko espetxeetan daude dagoeneko. “Sakabanaketa politika praktikan indargabetu dutela agerian geratu da berriro”, salatu du AVTk.

Odol delituak eta oraindik zigor urte dezente betetzeko dituzten presoak espetxez aldatzea deitoratu du biktimen elkarteak, “justiziari lagundu barik eta damutzeko keinu garbirik gabe, espetxe legea onartzearekin soilik nahikoa dute, ‘kartzelak husteko borroka metodo’ bezala”.

Etxerat: "Gure senideen espetxe legediaren bidea oztopatzeari utzi"

Bestalde, “oraindik 144 euskal preso politiko lehen graduan sailkaturik daude”, salatu du Etxerat elkarteak Foro Sozial Iraunkorraren aurrean. “Legez sailkapen hori salbuespena eta aldi baterako da, preso oso arriskutsuentzako. Ez da gure senideen kasua”, erantsi dutenez.

“Baina, gainera, 144 preso horien artean, batzuek erregimen are itxiagoa dute; izan ere, bakarturik daude isolamendu edo zigor moduluetan”, azaldu dute. “Huelva, Sevilla eta Kordobako espetxeen kasua; baita Estremerako eta Soto del Realeko moduluak ere”, aipatu dituzte.

Albisteak (4)