Eskumenak
Transferitzeke dauden eskumenen negoziazioari ekin diote Jaurlaritzak eta Espainiak
Agentziak | Erredakzioa
Datozen hilabeteetan bi gobernuek Gernikako Estatutua "erabat betetzeko bidean" aurrera egingo dutela "argi" dauka Josu Erkoreka lehen lehendakariordeak, bi aldeek "helburu bera" dutelako.
Pedro Sanchezen eta Iñigo Urkulluren gobernuek oraindik transferitzeke dauden eskumenetan aurrera egiteko negoziazioak hasi dituzte, Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehen lehendakariordeak asteazken honetan jakitera eman duenez. Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuan jasota dauden transferentzia guztiak gauzatzeko "aurrekaririk gabeko eta benetako jarrera" duela azpimarratu du.
Gainera, datozen hilabeteetan Gernikako Estatutua erabat betetzeko bidean "aurrera" egingo dutela zalantzarik ez duela esan du Erkorekak, bi aldeek "helburu bera" dutelako.
Erkorekak azaldu duenez, Madrilekin oraindik transferitzeke dauden eskumenen negoziazioari ekin diote berriz ere, eta, laster, "gai horretan aurrera egiteko moduan egongo gara".
Erkorekak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera arautzen duen Legea ere izan du hizpide; izan ere, "urria amaitu aurretik" transferentzia hori euskal erakundeen esku utziko dela jasotzen du bosgarren xedapen gehigarriak.
Hala, bi aldeak "eskura duten guztia egitera behartuta" daudela esan du, "hori horrela izan dadin". "Negoziazioa berriro hasi dela da garrantzitsuena, eta datozen asteetan lan handia egingo dugu akordioa ahalik eta azkarren lortzeko", gaineratu du.
"Izan ere, Lanbide gai hori behin-behinean kudeatzen ari da jada, eta horrek esan nahi du zerbait aurreratu dugula elkarrizketetan, eta aurreakordioa lortu dugula bi administrazioen artean, gai horren kudeaketa dagoeneko existitzen baita", adierazi du.
Bestalde, Erkorekak gogorarazi du ez dela "berria" PPk transferentzia jakin batzuen aurka egitea, espetxeena kasu, eta duela hilabete batzuk "PPren senatari ezagun batek" (Iñaki Oyarzabal aipatu gabe gogora ekarrita) Goi Ganberan ekimen bat aurkeztu zuela esan du, "Espainiako Gobernuari transferentziak ez gauzatzea eskatzeko".
"PPk bere jokatzeko modua du. Hori egin ondoren, Gernikako Arbolaren ondoan argazki bat aterako dute, alderdi horrek Gernikako Estatutuarekin eta euskal autogobernuarekin duen 'konpromisoaren erakusgarri' gisa, baina bere eguneroko jarrera bestelakoa da; izan ere, eragiteko gaitasuna duten erakundeetan, guztiari oztopoak eta zailtasunak jartzen dizkiote", esan du Erkorekak.
Dena dela, "zorionez", "Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren estrategia eta konpromisoa PPk egin dezakeen edozein zaratatik at dagoela azpimarratu du. Hala, Pedro Sanchezen gobernuak transferitzeke dauden eskumen guztiak eskualdatzeko borondatea duela uste du Erkorekak, espetxeena eta Gizarte Segurantzarena barne.
"Bere jarrerak ez du aurrekaririk. Orain arte, Espainiako Gobernuak ez du inoiz onartu Eusko Jaurlaritzak oraindik jaso ez dituen transferentzia guztiak eskuratu behar dituela, eta transferentzia horiek Eusko Jaurlaritzak dagokion fitxan (eskumen bakoitzeko bat) adierazi duen moduan egin behar direla", nabarmendu du.