Bake Konferentzia
Kofi Annan eta Gerry Adams Donostiako Bake Konferentzian izango dira
Erredakzioa
Iñigo Urkullu (EAJ), Pello Urizar (EA), Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB) ere bertan izango dira. Tony Blairek aldiz. ezin izango du etorri Ekialde Hurbilean dituen konpromisoengaitik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kofi Annan Nazio Batuen Elkarteko idazkari nagusi oiha eta 2001eko Nobel Sariduna eta Gerry Adams Sinn Feineko liderra Donostiako Bake Konferentzian izango dira astelehen honetan. Horiei nazioarteko beste lider batzuk gehituko zaizkie: Bertie Arhem Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro oiha eta Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro oiha.
Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta Silvia Casale Nazioarteko Kontaktu Taldeko kidearekin batera Aiete Jauregian prentsaurrekoa eman dute Bake Konferentzian izango diren nazioarteko pertsona esanguratsuen, alderdien ordezkarien eta erakunde ekonomiko, sindikal eta sozialen kideen berri emateko.
Azkenean,Tony Blair Britaniako lehen ministro ohiak ezin izango du Konferentziara etorri "lan konpromisoengaitik" eta bere ordez Jonathan Powell Blairren kabineteburua izandakoa etorriko dela gaineratu dute.
Casalek azpimarratutakoaren arabera, aipatutako seiek "bake prozesuetan eta gatazken trasformazioan esperientzia, jakituria eta inplikazio zuzena izan dute".
Euskal alderdien ordezkariak
Konferentzian izango dira baita EAJko Iñigo Urkullu, PSE-EEko ordezkariak, Amaiur hauteskunde koalizioko kideak (EAko Pello Urizar, Alternatibako Oskar Matute eta Aralarreko ordezkariak), Ezker Anitzako Mikel Arana eta Ezker Batuko ordezkariak.
PP eta UPyD ez dira Konferentziara joango "Batasunari kanpaina egiteko eta ETAren argudioei eta asmo politikoei babesa ematea delako".
Donostian izango direla konfirmatu dute, besteak beste, ELA sindikatuko Adolfo Muñoz, LABeko Ainhoa Etxaide eta CCOOko Unai Sordo. UGTren ordezkaria Raul Arza organizazio idazkaria izango da.
Lokarrik antolatuta
Nazioarteko Bake Konferentzia Lokarrik antolatu du Brian Currin abokatuaren Nazioarteko Kontaktu Taldearekin eta gatazken konponbidean adituak diren beste lau erakunderekin batera: Berghof Foundation, Conciliation Resources, The Desmond and Leah Tutu Legacy Foundation eta Noref. Helburua, Euskadin bakea lortzea da.
Jaurlaritza: "Ekintza terroristak uzteko"
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak espero du Donostian Lokarrik antolatutako konferentziak ETAri "argi eta garbi" eskatzea "ekintza terrorista guztiak bertan behera uzteko eta talde armatua desegiteko". Aresek azpimarratu, "hemendik gutxira ETAren amaiera ikusiko dugu".
EAJ: ETAren iragarpenaren aurreko pausoa
Joseba Egibar EAJko bozeramailearen ustetan, astelehen honetan Donostian izango den Bake Konferentzia indarkeria behin betikoz bertan behera utziko duela jakitera emateko ETAren iragarpenaren aurreko pausoa izango da.
PP: ETAren amaiera interesengatik ez zailtzeko eskaera
EAEko PPko presidenteak, Antonio Basagoitik, "ETAren amaiera interesengatik eta hauteskundeen premiagatik zailagoa ez egiteko" eskatu die PSOEri eta EAJri.
Aralar: Urrats kualitatiboa bakearen bidean
Aralarrek asteleheneko Nazioarteko Bake Konferentzian parte hartuko du "urrats kualitatiboa baita herri honen bakearen eta normalizazio polikoaren bidean".
Ezker Batua: ETAren amaiera sendotzea bilatzen du
Bestalde Kontxi Bilbao Ezker Batuko Batzorde Politikoko kideak azaldu duenez, astelehen honetan Donostian izango den Bake Konferentziaren alde dago EB, "ETAren amaiera sendotzea bilatzen duelako". Bilbaoren aburuz, konferentzia "ez da Ezker Abertzalearen aldeko eszenografia".