Donostiako Bake Konferentzia
Annan eta Adamsen bultzadak bake itxaropena piztu du Euskal Herrian
Iñigo Herce
Eusko Jauralitzak eta Espainiako Gobernuak ez dute ordezkaririk bidaliko Konferentziara, baina euskal sozialisten ordezkaritzak nolabait ere bi gobernuak inplikatzen ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kofi Annan eta Gerry Adams Donostian izateak ETAren amaieraren itxaropena eta ikusmina piztu ditu azken orduotan. Bukaera hori berehalakoa izatea inork gutxik espero ez duen arren, biharkoa indarkeriaren amaieran lagunduko duen beste urrats bat izatea nahiko lukete Euskal Herriko Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren antolatzaileek.
Hurrengo egunotako gidoia honakoa litzateke, zenbait euskal politikoen ustetan: Aieteko adierazpena ETA-ren amaiera ekarriko lukeen prozesu batentzako bultzada izango litzakete. Ondoren, eta berandu baino lehen –hurrengo egunotan, askoren ustez--, ETA-k modu positiboan erantzungo luke, nahiz eta oraindik behin betiko amaiera ekarriko lukeen adierazpena ez duen ia inork espero.
Propagandaz haratago, Aieteko Bakearen Etxean izango diren nazioarteko ordezkarien mailak beste dimentsioa eman dio Konferentziari. Nazio Batuen idazkari nagusi ohiaz gain, Frantziako Barne ministro izandako Pierre Joxe eta norbegiako lehen ministro izandako Gro Harlem Bruntland bertan izateak pisu haundia emango dio amaierako adierazpenari. Ezin dugu ahaztu Frantziak inplikazio zuzena duela ETA-ren auzian, eta Norbegiak nazioarteko gatazketan bitartekaritzan aritzen diren erakunde ospetsu aunitz dituela, eta 2006an ETA eta Zapateroren Gobernuaren artean izandako saiakeran ere herrialde eskandinabiarreko hainbat adituk parte hartu zutela babesa emanez.
Baina, zalantzarik gabe, Adams, Ahern eta Powellek osatzen duten hirukiak esanahi berezia ematen dio Aieteko bilkurari. Zergaitik? Hirurek ordezkatzen dutelako Irlandako gatazkan eta bake prozesuan zeuden hiru aldeak. Eta jakina da Irlandako ereduak zer nolako pisua duen ezker abertzalean. Azken unerarte Tony Blair Donostian izatea benetako aukera izan da, baina bere gabinete buru izandakoa, Jonathan Powell, bertan izateak biltzarrari behar duen maila emango dio, eta etortzeke dauden urratsei babes garrantzitsua ematen lagunduko du halaber.
Eusko Jauralitzak eta Espainiako Gobernuak ez dute ordezkaririk bidaliko Konferentziara, baina euskal sozialisten ordezkaritzak nolabait ere bi gobernuak inplikatzen ditu. Lehen mailako informazioa jasoko dute, eta etorkizunean gerta litekeenaren aurrean neurriak hartzeko marjena eta esku libreak utziko dizkie.
Hegoafrikatik etorritako bultzada ere garrantzitsua izan da. Brian Currin eta bere Nazioarteko Kontatu Taldearen lanik gabe ez litzateke posible izango Aieteko Konferentzia izen hauekin burutzea. Hilabetetan isilean egositako lanaren ondorioa da: nazioarteko sareak landuz, informazioa hedatuz eta, unea iristerakoan, sare horien konplizidadea bereganatuz eta ereinitako haziaren uzta jasoz.
Euskal Herrian bakebidea heldutasun puntu batean dagoenaren inpresioa sendotu egin da azken asteotan. Aieteko adierazpenari babesa emateko euren izana eta izena jarriko dutenek ez lukete urrats hori emango benetako arrakasta bermerik gabe. Etorkizunak zer ekarriko duen inork gutxik dakien arren, hurrengo egunotan jazo litezkeen gertakariek nazioarteko dimentsioa izango dute, ezbairik gabe.