Itxi

Koronabirusa

Alarma egoera ezartzeko Ministroen Kontseilua deitu du igande honetarako Sanchezek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Urkullu, Chivite eta erkidegoetako beste presidenteen eskarien ostean, Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera asteburu honetan ezartzeko asmoa dauka.

Pedro Sanchez, Kongresuan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ezohiko Ministroen Kontseilua deitu du gaurko, 10:00etan, alarma egoera onartzeko, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak eskatu zioten bezela. PPk gobernatzen ez dituen Espainiako beste autonomia erkidegoetako presidenteek ere eskatu diote azken egunotan Sanchezi alarma egoera ezartzea, eta Espainiako presisdentea, ostiralean bertan jada, beharrezkoak neurri guztiak onartzeko prest agertu zen. Ezustekorik ezean gaur aurrera egingo duen dekretuak, 15 egunerako ezarriko du alarma egoera, eta hori kudeatzea erkidegoen esku geratuko da. Hala, tokian tokian erabakiak hartu ahal izateko, aterki juridikoa izango dute.

Sanchez Erroman izan da asteburuan, Vatikanoan Frantzisko aita santuarekin biltzeko. Hala ere, orain dela bi aste Carmen Calvo presidenteordeak deitu zuen alarma egoera Madrilen mugikortasuna murrizteko helburuarekin. Hori ere ezohiko Ministroen Kontseilu batean onartu zuten.

Gobernuak ez du Kongresuaren oniritzia alarma egoera onartzeko, baina bai, ordea, 15 egunetik aurrera luzatzeko. Zentzu horretan, Salvador Illa Osasun ministroak baieztatu du alarma egoeraren iraunkortasuna bermatzeko "babes argiak" bilatzen ari direla, instrumentu juridiko hori arazorik gabe erabili ahal izateko, esaterako, gaueko mugikortasuna Espainiako lurralde osoan edo zati batzuetan murrizteko. Neurri hori zenbait erkidegok hartu dute dagoeneko.

Gobernuko presidenteak ostiralean esan zuenez, "prest" dago beharrezkoak diren neurriak hartzeko, eta arrisku "larrian" dauden autonomia erkidegoei eskatu die berriro alarma egoera eskatzeko pandemiaren kontra borrokatzen jarraitzeko beharrezko ikusten dutenean.

Ostegunean, Gobernuak eta autonomia erkidegoek lau arrisku mailako erantzuna emateko sistema bat onartu zuten; maila bakoitza bere neurriekin. Alerta maila altuenean, hain zuzen, alarma egoera erabiltzeko aukera aintzat hartzen da, "ezohiko" neurriak hartu ahal izateko.

Urkullu izan da Espainiako Gobernuari alarma egoera onartzeko eskatzen lehenengoa. Chivite ere eskaera hori batu zaio. Biek eskatu dute horren kudeaketa autonomia erkidego bakoitzaren esku uzteko.

Gainera, Kataluniak, Kantabriak, Asturiasek, Extremadurak, Errioxak, Gaztela-Mantxak, Valentziak eta Melillak ere eskaera egin dute. Momentuz, PPk gobernatutako erkidegoek ez dute alarma egoera eskatu. Hala ere, Gaztela eta Leonek etxeratze agindua bezalako neurriak hartu ditu, eta Madrilek gaueko bilerak debekatu ditu.

Babes parlamentarioa

Momentuz, Gobernuak Ciudadanosen babesa eskuratu du berriz alarma egoera ezartzeko. Ines Arrimadasek telefonoz deitu dio Sanchezi, "kontrola" eta konfinamendu berri bat saihestuko duten neurri "irmoak" har ditzan eskatuz, eta bere alderdiko hamar diputatuen babesa eskainiz.

Hala ere, Ciudadanos eta EAJren babesarekin ez da nahikoa gehiengo absolutura heltzeko. Beste alderdien botoa ere beharko luke Gobernuak.

Albisteak (4)