ETAren komunikatua
Garitano: 'Lortu behar dugun helburua preso guztiak aske egotea da'
Errdakzioa
Gainera, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, "euskal gizartea ez da normaltasunez biziko 700 preso politiko egoten diren bitartean, ezta bat egonda ere".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Bildu) esan duenez, "lortu behar dugun helburua preso guztiak kalean izatea da". "Euskal gizartea ez da normaltasunez biziko 700 preso politiko egoten diren bitartean, ezta bat egonda ere", gaineratu du.
Halaber, ETBn esan duenaren arabera, "borondate politikoa izanda edozer egin daiteke. Rafael Vera bahiketa bat egiteagatik zigortuta egonda, 15 egunera kalean zen. Rodriguez Galindo kartzelan zegoen Joxean eta Joxi (Lasa eta Zabala) bahitu, torturatu eta hiltzeagatik, eta urtebeteren ondoren kaleratu zuten, berarekin zeuden beste bi guardia zibilen moduan".
Bestalde, seguru azaldu da "ETAren borroka armatua iragana" dela eta, bere ustez, bandak indarkeria behin betiko bertan behera utziko duela iragarri ondoren, Gobernu espainiarrak eta frantziarrak "ezingo dute elkarrizketa politikoa ukatu".
Garitanoren iritziz, ETAren deklarazioak "inork uka dezakeen balio historikoa dauka" eta, horren bidez, "Estatu espainiarrak eta frantziarrak ezingo dute elkarrizketa politikoari bidea zabaltzea ukatu".
Komunikatuaren ostean ETA "dagoeneko iragana" den galdetuta, ahaldun nagusiak esan du ez duela uste "hori esan duenik". "ETAk esan du behin betiko utziko duela borroka armatua. Iragana dena ETAren borroka armatua da", zehaztu du.