Itxi

Paris

Josu Urrutikoetxea Espainiaratuko dutela berretsi du Frantziako Auzitegi Gorenak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Urrutikoetxea Gorenaren beste epai baten zain ere badago. Hain zuzen ere, azaroaren 17an jakinaraziko diote 1987an Zaragozan egindako atentatuagatik epaitzeko Espainiaratuko duten ala ez.

Josu Urrutikoetxea Espainiaratuko dutela berretsi du Frantziako Auzitegi Gorenak

Herriko tabernen bidez ETA diruz lagundu izanagatik epai dezaten, Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeko agindua eman zuten aspaldi. Horren aurrean, Urrutikoetxeak helegitea aurkeztu zuen, Espainiaratu ez zezaten, baina asteazken honetan Frantziako Auzitegi Gorenak atzera bota du ETAko presoaren eskaria.

Modu horretan, Parisko Apelazioko Auzitegiaren instrukzioko salaren ebazpena berretsi du Gorenak, Urrutikoetxea Espainiaratuko ez zutela erabaki baitzuen iragan irailaren 30ean aipatu auzitegiak. Halere, oraindik ebatzi gabe dauden beste auzi batzuen zain dago.

ETA diruz laguntzeagatik zigortuko balute, bederatzi urteko kartzela zigorra ezar liezaiokete.

Gorenean gaur goizen egin duten saioan, bestalde, Frantziako Fiskaltzak galdegin du Urrutikoetxearen defentsak emandako hiru arrazoiak errefusatzea.

Uztailean, Parisen baldintzapeko askatasuna lortu zuen Urrutikoetxeak, espetxean koronabirusaz kutsa ez zedin.

Esan bezala, azaroaren 17an berriro hartu beharko dute 69 urteko presoa Espainiaratzeari buruzko erabakia. Izan ere, 1987an Zaragozan Guardia Zibilaren kuartelaren aurka izandako atentatuagatik Espainian epaituko duten ala ez deliberatu beharko dute orduan.

Hurrengo egunean, Parisko Apelazioko Auzitegiak bere erabakiaren berri emango du. Kasu horretan, ustez Luis Hergueta Michelingo zuzendariaren hilketan parte hartu izanagatik Madrilgo Auzitegi Nazionalak ezarritako estradizio salaketa onartzen duten ala ez jakinaraziko dute.

Horrez gain, Frantziako Justiziak beste bi auzi ditu zabalik haren aurka: horietako bat 2021eko otsailean epaituko dute, eta bestearekin lotutako epaiketa, ondo bidean, ekainean egingo dute.

Albisteak (9)