Itxi

Memoriaren Eguna

Preso ohiei harrerarik ez egitea eskatu dute Denis Itxasok eta ETAko biktimek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memorialak ekitaldia egin dute astelehen honetan, Memoriaren Egunaren atarian.

Preso ohiei harrerarik ez egitea eskatu dute Denis Itxasok eta ETAko biktimek. Argazkia: EiTB

Kartzelatik atera berri diren ETAko presoei harrerarik ez egitea eskatu dute astelehen honetan Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxasok eta ETAko biktimek. Halaber, Memoriaren Egunean betidanik existitu izan den zatiketa deitoratu du Itxasok.

Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memorialak ekitaldia egin dute, bihar Euskadin ospatuko den Memoriaren Egunaren atarian. Hain zuzen ere, Patxi Lopez sozialista lehendakari izendatu zutenetik ezarri zuten ospakizun hori, terrorismoaren biktimak gogoan izateko.

ETAko hiru biktima egon dira gaurko omenaldian: Lorena Diez Elorza, Fernando Buesaren bizkartzaina zenaren (Jorge Diez ertzaina) arreba; Ivan Ramos Torrano, ETAk Portugaleten 1987an sozialisten egoitzaren aurka burutako erasoan hildako Maite Torranoren semea, eta Francisco Javier Saenz Martinez, 1985ean eraildako Alejandro Saenz guardia zibil ohiaren semea.

Bertan, Itxasok gogora ekarri du Memoriaren Eguna ezarri zutenetik hamaika urte igaro direla, eta batzuen aldetik beti egon izan dela aitzakiaren bat ekitaldietan parte ez hartzeko.

Aurten ere horixe bera gertatuko da, PP eta Vox ez baitira Legebiltzarrean biharko deitutako omenaldian egongo. Izan ere, popularrak inoiz ez dira azaroaren 10eko "ospakizun" horren alde egon, ez dutelako begi onez ikusten egun horretan terrorismoaren biktimak soilik "omentzea".