Hendaia
Frantziako Poliziak Peio Alcantarilla preso ohia atxilotu duela salatu dute
agentziak | erredakzioa
Atxiloketa Santiago Zubian izan da, Irun eta Hendaiaren artean. EH Bilduk gogorarazi du Alcantarilla "egunero" joaten dela lanera Lapurditik Gipuzkoara inolako arazorik gabe.
EH Baik eta EH Bilduk salatu dute Frantziako Poliziak Peio Alcantarilla ETAko preso ohia atxilotu duela Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian. Era berean, azken hileotan preso ohiek bizi dituzten "askatasun urraketak" kritikatu dituzte.
Azaldu dutenez, Alcantarilla jatorriz irundarra da, baina duela urte batzuetatik Urruñan (Lapurdi) bizi da, Frantzian ETAri laguntzea leporatuta 10 urteko zigorra bete ostean. "FIJAIT (Fichier judiciaire national des auteurs d 'infractions terroristes) urratu izanaren aitzakiapean" atxilotu omen dute.
EH Bilduren eta EH Bairen arabera, preso ohia "egunero" joaten da Hegoaldera lan egitera, eta "orain arte ez du inolako arazorik eduki". "Gaur, ordea, atxilotu eta Hendaiako komisaldegira eraman dute, Pariseko auzitegiak erabaki bat hartzen duen arte", gaineratu dute.
Daeshi eta parekoei aurre egiteko sortu zuten arren, FIJAIT ETAko presoekin ere erabiltzen dute; ondorioz, "100 preso eta preso ohitik gora daude izendegi horretan". Hala, egungo osasun egoeran, "poliziaren kontrolak indartu diren honetan, herritar horiek atxilotuak izateko arriskua handitu da".