Estatuko aurrekontuak
Mendia: "Ona da EH Bildu Espainiaren gobernagarritasunean inplikatzea"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSE-EEko idazkari nagusiak argi utzi du sozialistek betidanik hitzartu izan dituztela akordioak EH Bildurekin, eta PPk ere egin izan dituela itunak ezker abertzalearekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiaren iritziz, ona da EH Bildu Espainiaren gobernagarritasunean inplikatzea. "Horixe da ETAren garaietan eskatzen zitzaiena, politika egitea", zehaztu du.
Legebiltzarrean sartu denean, EH Bilduk 2021eko Estatuko aurrekontu orokorrak babesteko hartutako erabakiari buruz galdetu diote Mendiari. Atzokoan ere, horri buruz jardun zuten alderdi espainiarrek, eta Podemosek erabakia "albiste ontzat" jo bazuen ere, PPk eta Voxek gogor kritikatu zuten koalizio abertzalearen jarrera.
Ildo horretan, Mendiak argi utzi du sozialistek betidanik hitzartu izan dituztela akordioak EH Bildurekin, eta PPk ere egin izan ditu itunak haiekin.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagi ohiaren hitzak ere ekarri ditu gogora. "Bonben edo botoen artean aukeratzeko galdegin zion ezker abertzaleari, politika egin zezala eskatzeko, eta horixe da orain egiten ari direna", nabarmendu du.
Horregatik, ondo iruditzen zaio Espainiaren gobernagarritasunean inplikatzea; bai EH Bildu eta baita beste alderdi guztiak ere: nazionalistak, independentistak zein erregionalistak, "pandemiaren eta krisi sozioekonomikoaren mailan dauden aurrekontuak behar ditugulako".
Bestalde, Mendiaren aburuz, komeni da krisiaren aurrean batasun irudia ematea, "Europako funtsak jasotzerakoan sinesgarritasuna edukitzeko".
"Halere, zaila da ulertzea zergatik ari den Pablo Iglesias EH Bilduren estrategia elikatzen", erantsi du.
Mendiaren arabera, Iglesiasen jarrerak EH Bilduri soilik egiten dio mesede, "baina horri buruz Elkarrekin Podemos mintzatu beharko litzateke", esan du buruzagi sozialistak Podemoseko buruak atzo idatzitako txioari buruz.