ALTSASU AUZIA
Altsasuko gazteen familiak, Estrasburgora begira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zortzi gazteak atxilotu zituztenetik lau urte bete direnean, haien guraso eta lagunek berriro salatu dute "irregulartasunez josita" egon den prozesu judiziala.
Bi guardia zibil eta haien bikotekideei eraso egitea leporatuta zigortu zituzten Altsasuko zortzi gazteen senideek duela lau urte hasitako prozesua gogora ekarri dute, oraindik ere bi gaztek espetxean jarraitzen dutela salatu dute eta euren itxaropen bakarra Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian aurkeztutako helegitea dela nabarmendu dute.
Altsasuko Foruen plazan "4 urte. Altsasukoak aske" zioen eskultura mugikorra jarri dute, atxiloketak gaur lau urte izan zirela oroituz.
Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra zertxobait arindu zuen Auzitegi Gorenak "terrorismo" deliturik ez baitzuen ikusi, baina urte bete eta 9 urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien eta gaur egun, bost aske dira, hirugarren graduan, eta bi oraindik espetxeratuta daude, bigarren graduan.
Antton Ramirez de Alda, zigortutako gazteetako baten aitak irakurri du senideen oharra komunikabideen aurrean, auzipetuen lagunak eta familiak ondoan zituela. "Gaur lau urte betetzen dira, prozesu judizial manipulatua, logikarik gabekoa eta interes ilunek bultzatutakoa hasi zenetik, oinarrizko eskubideak etengabe urratu diren prozesu bat".
Terrorismo delituaren akusazioagatik auzia Auzitegi Nazionalean epaitu eta horrelako deliturik ez zegoela ebaztea, eraso bategatik horren zigor "desproportzionatuak" jartzea eta antzeko adibideek argi uzten dute Altsasuko gurasoen esanetan guztia "muntaia bat izan dela, gure kasua eskuliburutan agertzeko moduko aberrazio juridikoa bihurtu dutela".
Aberrazio horren baitan kokatu dute espetxean diren bi gazteei hirugarren gradurik ez ematea, aldeko txostenak izan arren, eta COVID-19a Zaballa bezalako kartzeletan sortzen ari den muturreko egoera kontuan izanda, gainera.
Amaia Amilibia, oraindik ere kartzelan den gazteetako batean amak adierazi duenez, Arabako espetxeko Tratamendu Batzordeak aldeko txostena egin arren, semeari hirugarren gradurako progresioa ukatu diote eta horrek izugarrizko etsipena sortzen dio, erdi-askatasunerako bide horretan "birgizarteratzeko" aukera izango bailuke, ikasketei edo lanari berrekinez.
"Irtenbidea instituzioen esku dago eta familia gisa, lana ondo egitea eta laster etxean izatea espero dugu" esan du Amilibiak.
Era bereran, Europako Giza Eskubideen Auzitegian egin beharreko prozesua oso konplexua dela ere adierazi du. Abokatuak han ari dira helegiteak lantzen, "Europak onartzea espero dugu eta gure seme-alaben oinarrizko eskubideak urratu direla ondorioztatzea: epaile inpartziala izateko eskubidea, aske egoteko eskubidea baita ohorea eta intimitaterako eskubidea ere". Azkenik, prozesua "oso oso oso gogorra" izan dela berretsi du.