Itxi

Aurrekontuak 2021

"Nafarroa euskal independentismoari saltzea" leporatu dio Esparzak Chiviteri

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Bilduk Euskal Herriaren nazio eraikuntzan lanean jarraitzen du, eta orain Chivite eta PSN ditu bidelagun", esan du UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatzen duten koalizioko buruzagiak.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaile eta UPNko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Aurrekontuak EH Bildurekin adostu ondoren, "Nafarroa euskal independentismoari saltzea" egotzi dio Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaile eta UPNko presidenteak Maria Chivite Foru Gobernuko presidente sozialistari.

Oposizioko indar politiko nagusiaren buruzagiak agiri bat argitaratu du koalizioaren webgunean, aurrekontu itunaren berri izan ondoren.

"Bilduk Euskal Herriaren nazio eraikuntzan lanean jarraitzen du, eta orain Chivite eta PSN ditu bidelagun", esan du UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatzen duten koalizioko buruzagiak.

"Nahiz eta beste aukera bat izan, nafarren etorkizuna Bilduren estrategiari lotuta jarraitzea erabaki du Chivitek, ikuspegi sozioekonomikotik, elkarbizitza arautu behar duten printzipio etikoen ikuspegitik eta erkidego nortasun ezberdina mantentzeko, Nafarroako etorkizunarentzako txarrena dela jakinda", adierazi du.

"Inbestiduraren unetik Chivitek EH Bildurekin itun bat sinatu zuela begi-bistakoa da, eta horrekin PSN filoetarren esku utzi zuen"

"Beste aukerarik ez zuela ezin du esan, bazeukalako", errepikatu du Esparzak. Navarra Sumako bozeramailearen ahotan, Chivitek “Bildu zuritzen jarraitzeko autua egin eta alderdikeria Nafarroako interesen aurretik jarri du". Erabaki "ikaragarri egoista eta arduragabea" da, erantsi duenez.

"Inbestiduraren unetik Chivitek EH Bildurekin itun bat sinatu zuela begi-bistakoa da, eta horrekin PSN filoetarren esku utzi zuen, hasieratik salatu dugun bezala, nahiz eta berak ukatu Espainian zein PSOEko baroien aurrean. Chivitek gezurra esan zuen", adierazi du.

Bestalde, "lehen minututik", Bildu baztertzeko proposamena "eraso" gisa hartu zuen PSNk, "ezker abertzale erradikalaren menpe dagoela argi utziz", kritikatu duenez.

"Aste horietan guztietan aitzakia eta gezur ugari entzun ditugu. Guztia Bildurekin ez hausteko eta Uxue Barkosek (Geroa Bai) Chiviteri markatutako norabideari eusteko", azpimarratu du. “Eskua luzatu genien, eta Chiviteren sozialistak fidatzekoak ez direla egiaztatu dugu berriro”, salatu du.

"Batere lotsarik gabe herritarrei gezurretan ari dira etengabe", Esparzaren arabera. "Chiviteren oilokeria", salatu du UPNko presidenteak, "Navarra Sumak Bilduri jarritako betoa onartzen ez duelako"; bai, ordea, gainerako alderdiek bere koalizioari ezarritakoa eta "Bilduren xantaiak". Esparzaren hitzetan, eskaintza egin ondoren, koalizioa abertzalea "azkar batean atera zen, gure proposamena onartzea izango lukeen kostu politikoaz ohartaraztera".

Albisteak (3)