Itxi

ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK

EAJk dieselaren zerga igoera geldiaraztea adostu du eta negoziatzen jarraitzen du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak onartu du aurrekontuen negoziazioan aurrerapauso handia eman dutela. Dena den, oraingoz ez dute akordiorik lortu jeltzaleek aurrekontuak babesteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuak duen bozeramaileak iragarri duenez, EAJ eta Espainiako Gobernua ados jarri dira 2021eko Estatuko aurrekontu orokorren proiektuari lau zuzenketa egiteko. Horien artean daude dieselaren gaineko zergaren igoera geldiaraztea eta Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat inbertsio egitea. Hitz egiten jarraitzeko aurrerapauso bat dela onartu du Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak, baina gaur-gaurkoz ukatu egin du aurrekontuak babesteko akordiorik dagoela.

Lehen zuzenketa sorta hau onartzea Estatuko aurrekontu orokorren negoziazioan aurrerapausoa izan dela azpimarratu du Estebanek, negoziatzen jarraitzea ahalbidetuko duena.

Dieselaren gaineko zerga EAJren marra gorrietako bat zen eta gai horretan adostasuna lortzea aurrerapausoa izan dela adierazi du Aitor Estebanek Diputatueko Kongresuan eskainitako prentsaurrekoan. Are gehiago, akordio horiek hitz egiten jarraitzeko aukera zabaltzen dutela azaldu du.

Hauek dira EAJk adostutako lau puntuak: dieselaren gaineko zerga igoera geldiaraztea, makina erremintarako 50 milioi euroko egitasmo bat onartzea, Zorrotzako trenbidea lurperatzeko sei milioi euroko diru partida bat gehitzea, eta unibertsitateko prestakuntza duala bideratzea.

Aitor Esteban eta Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Ogasun ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

Dieselaren gaineko zergari dagokionez Estebanek zehaztu duenez, krisi egoera honetan zerga igotzeak milaka lanpostu desagertzea ekar lezake. Horren esanetan, automobilgintzaren industriak zeregin asko ditu aurretik eta politikak hori "lagundu eta babestu" behar du, "ez oztopatu".

EAJk 50 milioi euroko diru partida bat adostu du makina erramintarako, "beste makina batzuk fabrikatzen dituzten makinen alde", oinarri industrial lehiakorra bermatzeko.

Trena Zorrotzan lurperatzeko proiekturako sei milioi euroko diru partida bat ere adostu dute bi aldeek eta, akordioaren arabera, urtea amaitu aurretik hitzarmen bat sinatuko dute Espainiako Gobernuak eta Bilboko Udalak.

Laugarren zuzenketa Unibertsitate Formakuntza Dualari buruzkoa da, Aitor Estebaren hitzetan, ikasketa prozesua hobetzeko eta enplegagarritasuna bultzatzeko.

Akordio horiek gaur bertan edo beranduenera jota datorren astean gehituko omen dira Estatuko aurrekontu orokorren proiektuan.

Dieselaren zergari buruko akordioa kritikatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ez du begi onez ikusten dieselaren zergaren inguruan EAJk eta Espainiako Gobernuak lorturiko akordioa. "Ez da diru asko, ez du ekonomikoki eragin handia izango, baina bizkarra ematen dio klima aldaketaren aurka egin nahi duen neurri bati". Legebiltzarkideak onartu du Espainiako Gobernuak "malabarismoak" egin behar dituela beharrezko babesak lortzeko, trukean, kontrapartidak eskainiz.

Albisteak (2)

Bideoak (1)