Itxi

Omenaldia Bilbon

Ane Muguruza: "Egin ziguten kaltea oraindik aitortu ez izana onartezina da"

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Egiari Zor Fundazioak Muguruzari eta Brouardi omenaldia egin die. "Konpondu gabeko gatazka politiko baten existentzia ukatzen duen kontakizun bat inposatu" nahi izatea kritikatu du Muguruzak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Santi Brouard eta Josu Muguruza Herri Batasunako buruzagiei omenaldia egin die Egiari Zor Fundazioak. 1984ko eta 1989ko, hurrenenez hurren, azaroaren 20an hil zituzten mertzenario batzuek. "Estatuko indarkeriaren biktimen" aitortza aldarrikatu du Fundazioak; izan ere, "egindako kaltea oraindik onartu ez izana onartezina da".

Egiari Zor Fundazioak bi agintariei omenaldia egin die Bilbon. Besteak beste, Jose Antino Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak, ezker abertzaleko eta EH Bilduko kideek, horien artean Maddalen Iriartek, eta Podemoseko ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Ane Muguruza 1989an, Madrilen, hildako HBko diputatuaren alabak hitza hartu du ekitaldian. “Estatuaren biktima guztientzako” aitortza ofiziala eskatu du Muguruzak. Era berean, “konpondu gabeko gatazka politiko baten existentzia ukatzen duen kontakizun bat inposatu” nahi izatea kritikatu du, baita “proiektu politiko konkretu bati zilegitasuna kentzeko saiakera” ere. “Santi eta Josu horregatik hil zituzten”, gogorarazi du.

Oso osorik euskaraz emandako hitzaldian, “sektore politiko eta instituzional zehatzek biktimentzako enpatia” eskatzen dute, baina “Estatuaren indarkeriako biktimek ez dugu halakorik jasotzen, hain zuzen ere”, deitoratu du.

Muguruzaren ahotan, “gerra zikinarekin zerikusia izan zuten kargudun publikoak zigortu zituzten, alderdi bereko kideek orain publikoki ‘GALeko biktimek Felipe Gonzalezen papera argitzeko ikerketa batzorderik’ behar ez dutela esatea mingarria eta ulergaitza da”.

Josu Muguruzaren alarguna eta alaba omenaldian. Argazkia: EFE

HBko buruzagiaren alabak azpimarratu duenez, “mingarria eta ulergaitza da, alderdi horren gobernuetan inertzia frankistak betikotu zirelako segurtasun indarren artean, torturak, kare biziarekin estalitako desagerpenak eta Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan emaniko bertsio ofizialak esaterako, etab”.

“Ikuspuntu guztietatik erabat onartezina da, egin ziguten kaltea egun oraindik aitortu ez izana, krimen horien guztien erantzukizun politikoak onartu ez izana”, salatu du Muguruzak.

Bestalde, “indarrean jarraitzen duten indarkeria adierazpen” guztiak bukatzea aldarrikatu du Muguruzak, “heriotza eta sufrimendua sortzen jarraitzen dutelako”. Zentzu horretan, Igor Gonzalez ETAko presoaren eta Asien Aginako preso ohiaren senideei “besarkada estua” bidali die. Aurrenekoa hilik agertu zen bere ziegan, Martuteneko espetxean, eta bigarrena urrian hil zen minbiziaren ondorioz, zigorra bertan behera utzi ondoren.

Santiago Brouard HBko buruzagia eta pediatra 1984ko azaroaren 20an hil zuten, Bilboko kontsultan. Josu Muguruza egun berean tirokatu zuten, baina bost urte geroago, Madrilgo jatetxe batean afaltzen ari zenean, Herri Batasunako diputatu gisa Kongresuan karguaz jabetzeko bezperan.

Brouarden hilketa egotzita Rafael Lopez Ocañari 33 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Muguruzaren erasoagatik Angel Duce polizia ohiari 99 urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri zioten.

BIDEOA | Santi Brouard eta Josu Muguruzaren omenezko manifestazioa Bilbon

Bideoak (2)