ATXILOKETA
Natividad Jauregi ETAko kide ohia atxilotu dute Belgikan
EITB.EUS
Belgikak gaur, igandea, emango dio Jauregi Espainiar Estatuari. Atxiloketa salatu du Sortu alderdiak, eta baita "Belgikako auzitegien jarrera aldaketa" ere.
Natividad Jauregi ETAko kide ohia atxilotu zuten atzo, ostirala, Ganten (Belgika). Espainiak eskatu zuen haren estradizioa, 1981ean Bilbon izandako Ramon Romeo teniente koronelaren hilketarekin zerikusia duelakoan.
Jauregi gaur, igandean, emango diote Belgikako agintariek Espainiar Estatuari. Igande arratsaldean iritsiko da Madrilera, Espainiako Poliziaren zaintzapean.
Belgikako Kasazioko Auzitegiak joan den asteartean baieztatu zuen Jauregiren estradizioa, eta behin hori eginda, Espainiarekin adostu beharko du noiz eta nola gauzatu agindua, hamar eguneko epean.
Orain arte, Belgikako auzitegiek uko egin diote, hiru aldiz, Jauregi estraditatzeari, Auzitegi Nazionalak 2004an, 2005ean eta 2015ean emandako euroaginduak baztertuta, ematen bazuten bere oinarrizko eskubideak urratuko zitzaizkiola argudiatuta.
Baina 2019eko uztailean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Belgika zigortu zuen estradizioa ikerketa nahikorik egin gabe estraditatzeagatik. Epaiaren ostean, Auzitegi Nazionalak beste euroagindu bat igorri zuen, iazko urrian, eta oraingoan Belgikak onartu egin du.
Gaur kaleratutako ohar batean, Sortu alderdiak Belgikako auzitegien "jarrera aldaketa" salatu du, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaerak "hainbatetan ukatu dituzten arren", oraingoan, "Jauregi estraditatzeko prozesuari bide" eman diotelako. Hori dela eta, Espainiaren "estrategia erreakzionarioa" ez laguntzeko eskatu diote Belgikari, eta "dinamika honekin behingoz amaitu" dezala, Espainiari.
"Espainiako hainbat sektore erreakzionariok herri hau iraganera itzultzea nahi dute. Sakoneko estatuaren apustua argia da: borroka armatuaren mamua luzatu eta bizirik mantendu nahi dute, Euskal Herriaren askapen bidea oztopatu eta preso eta iheslari politikoen auzia betikotzeko asmoz", esan du Sortuk.
Azkenik, "euskal preso eta iheslari politikoan auziari konponbidea" emateko ordua dela esan du alderdi subiranistak, "ez espetxeak betetzekoa".