Biktimak
Mikel Zabalzaren gertukoek "justizia, aitortza eta erreparazioa" eskatu dute
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak atxilotu ostean hilik agertu zen gaur 35 urte, eta "Mikelen txokoa" ekimena aurkeztu dute Donostiako Altza auzoan.
Mikel Zabalzaren lagun talde batek "justizia, aitortza eta erreparazioa" eta heriotzaren "egian aurrerapausoak emateko" eskatu dute, 35. urteurrenean. Zabalza hilik agertu zen Bidasoa ibaian Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunera, 1985ean.
Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideek eskaera horixe egin dute Donostiako Altza auzoan egindako agerraldi batean. Bertan bizi zen Zabalza, eta "Mikelen txokoa" ekimenaren berri ere eman dute. Izen hori jasoko du hildakoa oroitzen duen eskultura dagoen lekuak, eta beste "artelan" bat ere jarriko dute. Inaugurazioa abenduaren 19an izango da.
Prentsaurreko batean azaldu dutenez, izen horrekin Mikelen eta berekin atxilotu zituzten pertsonen memoria "gorde" nahi dute: Patxi eta Aitor Zabalza, Idoia Aierbe, Manuel Vizcay, eta Ion Arretxe.
Horren harira, gogorarazi dute Donostiako Udalak "konpromisoa" hartu zuela "Mikelen familiari memoria ekimenetan laguntzeko eta horrekin lotutako mozio bat onartu" zuela.
"Udalak horren harira egin dizkiogun eskaerak hainbatetan ukatu dituen arren, azkenean, udal barrutiko aurrekontu parte-hartzaileei esker, 'Mikelen txokoa' egin behar da. 35 urte itxaron behar izan dugu Udalaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza lortzeko", gaitzetsi dute.
"Urteak pasatu dira, baina zalantza, gezur eta isiltasun gehiegi dago gertakari hauen inguruan. Horregatik, egian, justizian, aitortzan eta erreparazioan aurrera egiteko garaia da", gaineratu dute.
Horri begira, Mikel Zabalza Herri Ekimenak hainbat jarduera antolatu ditu, tartean "emakumea eta tortura" gaitzat dituen mahai-ingurua, eta Herreratik Bidebietara ibilaldia egingo dute Idoia Aierberen omenez.
Gaurko agerraldian parte hartu dutenek gogorarazi dute "Non dago Mikel?" dokumentala ere "egia eta memoria sustatzeko ezinbesteko tresna" direla.