KORONABIRUSA
Urkullu: "Osasun pertsonala eta ekonomikoa, hori da denon ondasun partekatua"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pandemia garai honetan, osasun publikoari lehentasuna ematea, pertsonak politika publikoen erdian jartzea eta susperraldi ekonomikoa bultzatzea defendatu du.
Pandemia garaian, Iñigo Urkullu lehendakariak osasun publikoari lehentasuna ematea eta pertsonak politika publikoen erdigunean jartzearen alde hitz egin du- Horrez gain, susperraldi ekonomikoa bultzatzea defendatu du, "osasun pertsonala eta osasun ekonomikoa" denon ondasun partekatua direla iritzita.
Iñigo Urkulluk berak eman dio hasiera gaur goizean, Parte-hartzean Oinarritutako Enpresa-eredu Inklusiboari buruzko Jardunaldiari. Eusko Jaurlaritza da jardunaldiaren antolatzaileetako bat, Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearekin (ASLE), Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearekin eta Europar Batasunarekin batera.
Bere hitzaldian, lehendakariak esan du pandemia une hauetan pertsona dela politika publikoen "erdigunea". "Osasun pertsonala eta osasun ekonomikoa, hau da guztion ondasun partekatua", gaineratu du.
Bere hitzetan, "lehentasuna osasun publikoa, segurtasuna eta pertsona bakoitzaren ongizatea bermatzea da", eta "horrekin batera, etorkizuna aurreratu behar dugu, suspertze ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzea bultzatu behar dugu, pertsonen ongizateari laguntzeko".
"Enpresa eredu inklusibo eta parte-hartzailea" babestu du Urkulluk, "Legebiltzarreko talde guztiek aho batez babestu dutelako". "Eusko Jaurlaritzak eta erakunde publikoek bat egiten dugu eredu horrekin", gaineratu du.