Eusko Alkartasuna
EAko kritikoek salatutako faltsutzerik izan ez zela ebatzi du epaileak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den uztailean kritikoek aurkeztutako beste demanda bat bota zuten atzera, primarioetan Maiorga Ramirezen eskubideak urratu ez zirela ondorioztatuta.
Gasteizko Auzitegiko Lehen Instantziako zazpigarren epaitegiak atzera bota du Eusko Alkartasunako sektore kritikoak alderdiko zuzendaritzaren aurka jarri zuen salaketa. Epaileak ebatzi du ez zutela dokumenturik faltsutu.
Demanda Iratxe Lopez de Aberasturi, Maiorga Ramirez, Miren Aranoa eta Mikel Goenaga kritikoek aurkeztu zuten, baina epaileak ez du delitu zantzurik antzeman.
Joan den uztailean, sektore kritikoak jarritako beste salaketa bat baztertu zuen epaitegi horrek, alderdiko primarioetan Maiorga Ramirezen eskubideak urratu ez zirela ebatzita.
Epaiaren ostean, berriro jo zuten auzitegira prozesu judizial hartan zuzendaritzak aurkeztu zituzten hainbat agiri faltsuak zirela salatuta. Alabaina, epaileak ez du deliturik antzeman eta kasua artxibatu du.
EAko zuzendaritzak "eztabaida auzitegietatik" atera dezatela eskatu die sektore kritikoko kidei, eta gatazka "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez" konpontzeko deia egin du.