Ingurumena
Subijanako proiektua aurreratzea egotzi dio EP-IUk EAJri, "murrizketak saihesteko"
Agentziak
Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemosen diputatuak argitu du Kongresuan izapidetzen ari diren Klima Aldaketaren Legeak debekatu egingo dituela tankerako proiektuak.
Subijanan (Araba) gasa ustiatzeko dagoen proiektua eta horren inguruan EAJk dituen asmoak gogor kritikatu ditu gaur Elkarrekin Podemos-IUk. Koalizio ezkertiarraren ustez, proiektua aurreratu dute jeltzaleek, Kongresuan izapidetzen ari den Klima Aldaketaren Legeak "etorkizunean ezarriko dituen murrizketak saihesteko".
Gasteizen prentsaurrekoa eskaini dute Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemosen diputatuak, Garbiñe Ruiz Gasteizko Udaleko Elkarrekin Podemos-IUren zinegotziak eta Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak.
Lopez de Uralderen esanetan, Kongresuan izapidetzen ari diren Klima Aldaketaren Legeari "aurrea hartzeko saiakeran" ari da EAJ, "etorkizunean ezarriko diren murrizketak saihesteko. Izan ere, azaldu duenez, Legeak hidrokarburoak bilatzeko eta ustiatzeko proiektu oro debekatuko ditu.
"Beste behin, EAJk epe laburreko interes ekonomikoak lehenetsi ditu etorkizuneko belaunaldien ingurumen eskubideen aurrean", kritikatu du.
Garbiñe Ruiz zinegotziak, bestalde, azaldu du SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Sozietateak gasa bilatzeko lizentzia eskatu diola Gasteizko Udalari. "Ustiatzeko aurrena bilatu egin behar da", argitu du. Ruizek uste du Udalak ez duela proiektua geldiaraziko.
Azkenik, Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak gogorarazi duenez, Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzarekin 2020an lortutako aurrekontu-akordioaren arabera, "Urkulluren gobernuak ezin zion diru partidarik eskaini SHESAri gasa ustiatzeko".
"Gaur gaurkoz, ez dugu akordio hori beteko duten berririk. Argi dago ez dutela bete hitz emandako hitza, eta horregatik pentsatzekoa da EAJ ez dela fidatzeko bazkidea", erantsi du Gorrotxategik.