Bateragune auzia
Gorenaren erabakia "aurrekaririk gabea" eta "ulergaitza" da, Jaurlaritzaren ustez
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, Baltasar Garzon epaile ohiak ez du begi onez ikusi Bateragune auziaren epaiketa errepikatzea: "Epaiketa berri batek dakarren zama, zigorra da dagoeneko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, "aurrekaririk gabea" eta "ulertzeko zaila" da Auzitegi Gorenak Bateragune auziari buruz hartutako erabakia. Horregatik, espero du auzia "lehenbailehen eta inpartzialtasunez" ebaztea.
Gobernu kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Bateragune auziko bost auzipetuak berriro epaitzeko Gorenak hartutako erabakiari buruz hitz egin du Zupiriak.
Haren esanetan, "guztiok geratu gara harrituta" astelehenean Gorenak hartutako erabakiaren aurrean.
Gainera, argitu du are zailagoa dela Gorenaren ebazpena ulertzea Auzitegi Nazionalarekin izandako desadostasunak kontuan izanda. "Une honetan balorazio politikoak eta juridikoak soilik egin daitezke, eta uste dugu batez ere auzipetuei dagokiela horretaz jardutea", erantsi du.
Halaber, garrantzitsutzat jo du epaileen arrazoibideak zein diren ezagutzea, oraindik ez baitituzte ezagutarazi.
Azkenik, adierazi du espero duela auzia "oso azkar eta inpartzialtasunez" ebaztea, "2009an abiatutako prozesua beste 11 urtez luza ez dadin".
Garzonek ez du begi onez ikusi epaiketa errepikatzeko erabakia
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak astearte honetan esan du ez datorrela bat Gorenak hartutako erabakiarekin: "Epaiketa berri batek dakarren zama, zigorra da dagoeneko".
Testuinguru horretan, nabarmendu du zigorra bera ezin dutela handitu, eta, hortaz, epaia ezin dela asko aldatu: "Orain arteko zigorra mantendu edo auzipetuak absolbitu beharko dituzte".
Garzonen iritziz, Gorenaren erabakia ikusita, aurrerantzean "inor ez da berrikuspen-errekurtsoa aurkeztera ausartuko".
Azken batean, Garzonek beste irtenbide bat bilatzearen alde egin du. "Orain arte leporatzen zizkioten karguak berriro entzuteko eseriko da Otegi aulkian, ezin dute besterik egin, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman dielako. Ez lukete berriro horrelakorik bizi beharko", bukatu du.