Ustelkeria
Ayerdik Chiviteri esan dio dimisioa emango duela "ikertu" gisa auzipetzen badute
agentziak | erredakzioa
"Bitartean, lanean jarraituko dut Nafarroaren etorkizunarekiko konpromiso osoz", azaldu du kontseilariak ustezko prebarikazio kasuaren harira.
Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak Maria Chivite Nafarroako presidenteari jakinarazi dio "dimisioa emateko borondate irmoa" duela bere aurkako auzibidean "ikertu" gisa izendatzen badute.
Horixe adierazi dio gaur helarazitako gutun batean, Auzitegi Gorenak prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta auzibidea ireki ostean.
Gutun horretan kontseilariak azaltzen duenez, ikertu izaera ematen badiote auzibidean, nahi lukeen "bakarra" "astebete" izatea izango litzateke egoerari buruzko txosten bat prestatzeko eta aldamenean izan dituen guztiei "merezi duten bezalako" agurra emateko.
"Bitartean, lanean jarraituko dut, Nafarroaren etorkizunarekiko konpromiso osoz, gure erkidegoaren garapen ekonomiko eta sozialean ahal dudan ondoen laguntzeko erabakiak hartzen saiatzen, orain arte bezalaxe", gaineratu du Ayerdik.
Gutunean abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 68. artikuluari egin dio erreferentzia Ayerdik, bertan agertzen baita Gobernuko kontseilariek eta goi kargudun guztiek dimisio eman behar dutela auzitegiek ikertu izaera ematen badiete.
Geroa Baik, bere aldetik, adierazi du "konfiantza" duela "Manu Ayerdik aurreko eta oraingo legegintzaldietan egin duen kudeaketan, eta horixe berretsiko dutela auzitegiek ere".