Itxi

Radio Euskadi

EAJ, EH Bildu, PSE eta EP, Bateragune auziko epaiketa errepikatzearen kontra

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

PP+Cs, bestalde, harrituta azaldu da Radio Euskadiko eztabaida politikoan, besteak baliogabe utzitako epaiketa bat errepikatzeaz harritzen direlako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek Bateragune auziko epaiketa errepikatzea kritikatu dute, "zentzurik ez" duelako, eta PP+Cs taldea harrituta agertu da baliogabe utzitako epaiketa bat errepikatzeagatik harrituta azaltzen direlako.

Legebiltzarkideek Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan aztertu dute Auzitegi Gorenak Bateragune auzian epaiketa berri bat egiteko hartu duen erabakia, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak akusatuen eskubideak urratu zirela ebatzi ondoren.

Zentzu horretan, gaurko zenbait udalerritan deitutako protesten harira, Jose Antonio Suso EAJren ABBko presidente eta legebiltzarkideak onartu du alderdi jeltzaleko kideak egongo direla manifestazioetan, eta ohartarazi du EAJrentzat epaiketa errepikatzea "astakeria" eta "zentzurik gabekoa" dela.

"Antza, auziperatuen eskubide judizialak gordetzeko egoten da, baina errepikapenak ez ditu zigorrak igoko, eta horiek beteta daude dagoeneko", esan du. Antzeko egoeretan "ia inoiz ez dira epaiketak errepikatu".

EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkidearentzat, Espainiar estatuak "harritzeko gaitasuna" dauka, eta Auzitegi Gorenaren erabakiarekin delitu beragatik bi aldiz epaitua izatea galarazten duen non bis in dem printzipioa baliogabetzen dute.

"Erabakia defendaezina da, eta uste dugu kutsu politikoa duela. Maila pertsonalean, urraketa izango da kaltetuentzat, epaiketa berri baten kostua onartu beharko dutelako, denboran eta energian, eta gainera, zigorrak beteta dauden eta ustekaberako tarterik ez dagoen arren,legalitate printzipioaren aurrean gaude, eta ez dakigu zeri eutsi", esan du.

Bere ustez, EH Bilduren "akordioen dinamika baldintzatzeko motibazio politikoa" dauka erabakiak, baina ohartarazi du eragina "kontrakoa" izango dela. "EH Bilduren dinamikaren ondorioz zenbait alarma piztu dira, baina bide horretan jarraitu behar dugula berretsi dugu", bukatu du.

Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak eta Legebiltzarrean bozeramaileak "errespetu osoa" adierazi du erabaki judizialen aurrean, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi ados daudenik.

"Bere momentuan, auzi horrek zalantza asko eragin zizkigun, ez bakarrik prozesua irekitzeak, baita epaiak ere, eta uste dugu orain ez duela zentzurik berriz irekitzeak", uste du.

Gainera, epaiketak aurrera egingo badu, sozialisten nahia da horrek "gehiegizkoa zen eta zalantza juridiko asko sortzen zituen epaia atzera botatzeko balio izatea". PSE-EE ez da mobilizazioetan egongo "alderdi bezala ofizialki", baina militanteak joateko libreak dira.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Isabel Gonzalezen ustez, zigorra bete duten pertsona batzuk berriz epaitzea "lekuz eta denboraz kanpo" dago; beraz, "zentzurik ez" du Gorenaren erabakiak.

"Epaiketa hau ez litzateke inoiz egin behar", salatu du. Esan duenez, Elkarrekin Podemosek ere "epaileen zenbait gehiegikeria" sufritu ditu, eta "Espainiako justizian aldaketa demokratikoa" egoteko eskatu du.

"Bateragune auzia berriz irekitzea zentzugabekeria juridikoa eta politikoa da. Larria iruditzen zaigu, eta gaurko mobilizazioetan parte hartuko dugu", esan du.

Azkenik, Carmelo Barrio, PP+Cseko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean, harrituta agertu da "epaiketa baten errepikapenak" hainbeste harritzeagatik.

"Delituak daudenean edo identifikatzen direnean, epaitu behar dira. Epaitutako auzi bat egon behar da. Aurreko epaiketa baliogabetu zuten, baina hori ez da absoluzioaren sinonimoa", esan du.

Gainera, Auzitegi Gorenaren erabakia aho bakarrez hartu dela gogorarazi du, eta nabarmendu du epaiketa "baliogabe" utzi dutela eta, beraz, errepikatu behar dela.

Albisteak (6)

Bideoak (1)