NAFARROA
Geroa Sozialberdeak alderdia sortu eta Uxue Barkos izendatu dute idazkari nagusi
EITB MEDIA
Alderdi berria Geroa Bai koalizioko kide izango da. Orain arte EAJk eta independenteek osatzen zuten koalizioa, eta independente horiek sortu dute, hain zuzen ere, alderdi berria.
Geroa Sozialberdeak alderdiaren lehen kongresu eratzailea ospatu da larunbat honetan Iruñean, eta Uxue Barkos, Nafarroako presidente izandakoa eta gaur egun Geroa Bairen bozeramaile dena Parlamentuan, izendatu dute Nafarroako alderdi politiko berriaren lehen idazkari nagusi.
Orain arte, EAJk eta independente batzuek osatzen zuten Geroa Bai koalizioa, eta horiek dira, hain zuzen ere, alderdi berria sortu dutenak. Hala, alderdi berri batekin, baina Geroa Bai koalizioan jarraituko dute hemendik aurrera ere.
Botoen %98,8 eskuratu ditu Barkosek.
Hurrengo lau urterako idazkari nagusiaz gain, zuzendaritza batzordea osatuko duten alderdikideak ere hautatu dituzte gaurko batzarrean: Uxue Barkos, Koldo Martinez, Ana Ollo, Jose Mari Aierdi, Gorka Azpiroz, Jon Gondan, Pablo Azkona, Jabi Arakama, Itziar Gómez, Isabel Aranburu, Ana Ansa, Guillermo Ezquieta, Fernando Dominguez eta Esther Cremaes.
Hala, gaur egun Geroa Baik Nafarroako Gobernuan dituen lau kontseilaritatik hiru alderdi berriko zuzendaritzan eongo dira, baita Martinez senataria ere.
Ideia sozial eta ekologistak
Geroa Soziaberdeaken jaiotza "ez dela ez ausazkoa ez kasualitatea" azpimarratu du Barkosen bere hitzaldian, "une historiko" batean gertatzen delako, "inoiz aurre egin ez diegun arazoei erantzuna ematera behartzen gaituelako". Pandemiak eragin duen egoera "kritikoa" izeberg baten punta baino ez dela esan du, "osasun arlokoa ez ezik, gaixotasun ekonomiko, geopolitiko eta, batez ere, soziala ere badelako".
"Birusak sistema agortu baten kontraesan guztiak agerian utzi ditu", azpimarratu du Barkosek. "Sozial berdea izatea, ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen eta kontsumo eredu berri baten aldeko apustua egitea da, zentzuz jokatzea besterik ez, baliabideak zentzuz erabiltzea, beti agortzen direlako", erantsi du. Sozial berdea izatea, "orekaren aldeko apustua egitea da, hazkundearen gainetik", gaineratu du.
Barkosen esanetan, alderdi politiko berriak "nortasun ikur propioa du, Nafarroaren nortasuna, Nafarroa burujabe, historikoa eta kulturalki Euskal Herrian eta Europan kokatua". "Gure asmoetan zalantzarik ez izan: Nafarroa subjektu politiko gisa defendatuko dugu, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearekin. Bakean bizi den Nafarroa nahi dugu, eskubide sozialetan eta ingurumen jasangarritasunean erreferente, arlo sozialean eta berdean oinarritutako ereduan lanpostuak eta aberastasuna sortzeko gai den Nafarroan", azpimarratu du.