Itxi

Sare

Presoak hurbiltzea eta gradu aldaketak aldarrikatu ditu martxa batek Nafarroan

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

Berriozarretik Iruñeko espetxera martxa bat antolatu du Sarek, presoak "jaioterritik gertuen dauden kartzeletan, inolako salbuespenik eta baldintzarik gabe", egon behar direla aldarrikatzeko.

Martxa Berriozarretik Iruñeko espetxera. Argazkia: Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

Berriozarretik Iruñeko espetxera martxa bat egin du Sare herritarrak larunbat honetan, presoak "jaioterritik gertuen dauden kartzeletan, hau da, Euskal Herriko espetxeetan, inolako salbuespenik eta baldintzarik gabe", egon behar direla aldarrikatzeko.

Era berean, "preso guztiei" gradu aldaketa aplikatzea eskatu du Sarek. "Lege arruntak hala agintzeaz gain, presoak etxera itzultzea posible egiteko, nahitaez eman beharreko pausoak direlako", azpimarratu dute, mobilizazioa hasi baino lehen irakurritako adierazpenean.

Sarek kritikatu duenez, "euskal presoen kasuan, pertsona preso orok garatu beharreko prozesua blokeaturik du oraindik indarrean dagoen salbuespeneko legediak, zigor gehigarri bat inposatuz, ez presoari soilik, baita senideei ere".

Sareren ahotan, "euskal presoak sekula baino isolatuago daude covid-19aren ondorioz". "Une honetan 18 urtez beherako 86 adingabek eta 18 urtez gorako zenbait gaztek aita, ama edo biak espetxean dituzte, horietako batzuek bederatzi hilabete daramatzate ama edo aita besarkatu gabe", salatu du.

Egoera "onartezina" da, azpimarratu du Sarek. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, “gurasoak espetxean dituzten neskatoek eta mutikoek gainerako seme-alaben eskubide berdinak dituzte; izan ere, gurasoen konpainia funtsezko osagaia da familiarteko bizitzan, eta horregatik, espetxeetako arduradunek presoei familiarekin harremanetan egoteko eskubidea bermatzea ezinbestekoa da”, gogorarazi duenez.

Albisteak (4)