Itxi

PRESOAK

Kalejira bat antolatu dute Martutenetik, presoen seme-alaben eskubideen alde

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sare herritar plataformak Martuteneko espetxetik Donostiako Loiola auzora joango den martxa antolatu du abenduaren 26rako, "motxiladun haurren" egoera salatzeko.

Sareren prentsaurrekoa gaur, Donostian. Argazkia: @sare_herritarra

Sare herritar plataformak presoen seme-alabek gurasoekin egoteko duten eskubidea aldarrikatzeko 'kalejira' antolatu du datorren larunbaterako, hilak 26, Martuteneko espetxetik Loiola auzora. Egoera "onartezina" dela salatu du Sarek; izan ere, "haur askok 9 hilabete daramatzate gurasoak ikusi gabe" eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.

Sareko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute "motxiladun umeekin" (guraso bat edo biak espetxean daituzten haurrak), eta gogorarazi dute covid-19aren pandemia "beste oztopo bat" izan dela haur horiek gurasoak kartzelan bisitatu ahal izateko.

Azaldu dutenez, gaur egun "18 urtetik beherako 86 haur eta 18 urtetik gorako hainbat gazte daude, aita, ama edo biak kartzelan dituztenak", eta horietako batzuek "9 hilabete daramatzate" beraiekin egoteko aukera izan gabe.

Egoera hori "onartezina" dela salatu du Sarek, "Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duenez, guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituzte, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia-bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da" gogorarazi dute.

"presoek ez diote guraso izateari uzten preso izateagatik"

"Guraso presoek ez diote guraso izateari uzten preso izateagatik" adierazi dute Sareko ordezkariek eta "salbuespenezko espetxe politikak" eskubide hori ukatzen dietela salatu dute. Zentzu honetan, "Legeak, eta legea aplikatzeko praktikak, erakutsi du preso egonda ere badaudela guraso izaten jarraitzeko aukerak, baimen bereziak, pultsera telematikoak… aukerak egon badaude eta horiek aplikatu behar zaizkie lehenbailehen guraso presoei".

Gaur egun preso gehienak lehen graduan daude, hau da, erregimen gogorrenean. "Aplikatzen zaien salbuespen legediagatik ez balitz, motxiladun haurrez ez lukete guraso presoaren oraingo ausentzia hori izango. Izan ere, guraso preso gehienak egoera erabat desberdinean leudeke: etxean tarteka baimenei esker, baldintzapeko askatasunean zigorraren 3/4ak beteta dituztenak edo espetxera lotara bakarrik joanez hirugarren graduan daudenak" gogorarazi dute.

Era berean, aipamen berezia egin nahi izan diete "kartzelan bizi diren motxiladun haurrei, euren egoera bereziki larria baita". Hala, Sareko bozeramaileek jakinarazi dute Aranjuezeko espetxean bizi diren Iratik eta Izadik 9 hilabete daramatzatela senideak eta lagunak ikusi gabe, kalera irten gabe eta aita ikusi gabe, alboko moduloan badago ere".

Azkenik, Euskal Herrian familientzako moduluak egota eskatu dute, haur hauen eskubideak errespetatu ahal izateko.

Kalejiran patinetearekin parte hartzeko dei egin diete haurrei. "Presoei haien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea dagokie, horregatik aldarrikatu nahi dugu motxiladun umeak haien aita, ama edo biak bixitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela. Hori izango delako etxetik gertu daudenaren seinale. Urte luzez eginiko kilometroak behingoz bukatuko direnaren seinale".

Porrotx pailazoak ere hartuko du parte deialdian.

Albisteak (2)