Urtarrilak 9
Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak egingo dituzte, manifestazioaren ordez
Mikel Dominguez | EITB Media
Sarek, Bake Artisauek eta Bake Bideak "inguruabar itxaropentsuak" ikusi dituzte, baina salatu dute "urrats" horiek ez direla nahikoak, eta espetxe politika aldatzeko eskatu dute.
Sare Herritarrak, Bakearen Artisauek eta Bake Bideak elkarretaratzeak deitu dituzte urtarrilaren 9rako, urtero egiten den manifestazio handiaren ordez, Espainiar eta Frantziar Estatuetako espetxeetan presoek bizi duten "eskubideen urraketa desagerrarazteko" eskatzeko.
Urtarrilaren 9an egingo dituzte, larunbatarekin, 17:30etan, "Pirinioen bi aldeetan", Estatuei "haien legedia aplikatzeko eta gizatasunez jokatzeko" eskatzeko.
Hiru plataformek onartu dute "inguruabar itxaropentsuak ikusi eta bizi izan ditugula", eta "Espainian zerbait mugitzen ari dela", presoak hurbilago dauden espetxeetara aldatuta, baina "hurbilketa mugatuak dira".
Hala ere, presoei "etxerako bidea hasteko aukera mugatzen ez zaienean" baino ezingo da "haien eskubideen urraketa amaitutzat jo", eta, horretarako, "gradu progresioa aplikatu behar zaie". Salatu dutenez, presoak zigorra osorik beteta eta lehen graduan geratzen ari dira aske, eta hori "eskubideen urraketa larriaren" erakuslea da.
Plataformen datuen arabera, preso gehienak lehen graduan daude (107, % 65), beste 70 bigarren graduan daude (% 40) eta soilik 9 daude hirugarren graduan (% 5).
Esan dutenez, Frantziar Estatuak "urratsak" eman ditu euskal preso gehienak hurbilduta, baina 2020an "blokeo inportante baten aurrean topo egin dugu". Azaldu dutenez, "gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta borondateari uko eginez, iraganari kateatuz, bide juridikoak deuseztatzeko apustua" egin du Fiskaltzak.
Xistor Haramboureren baldintzapeko askatasuna "itxaropen izpi bat" izan da. "Argi hauskorra, baina etorkizun handikoa egin nahi duguna", esan dute.
Espainiar Estatuan, bestalde, "hurbilketak izan ditugu ia astero", baina salatu dute "gehienak ez direla izan Euskal Herriko espetxeetara eta oraindik ere etxetik ehunka kilometrora daudela".
Diotenez, "borroka armatuaren bukaera eta hamar urtera, ETA desarmatu eta desegin ondoren", bada garaia "aurrerapauso atzeraezinak ezagutu eta baliozkotzeko".
Horrela, presoen auzia "behin betiko konpontzea" eskatu dute, "baldintzapeko askatasunekin eta asmatu beharreko beste mekanismo batzuekin"