Gabonetako mezua
Felipe VI.ak zeharka aipatu ditu Juan Carlos Borboikoarekin lotutako eskandaluak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erregeak pandemian eta haren ondorioetan oinarritu du bere mezua, eta zeharka soilik aipatu ditu Juan Carlos Borboikoari lotutako ustelkeria kasuak.
Felipe VI.aren hitzetan, herritarrek eskatzen dituzten "printzipio moral eta etikoek guztiak behartzen dituzte, salbuespenik gabe", eta "edozein gogoetaren gainetik daude, baita izaera pertsonalaren edo familiarraren gainetik ere". Hori izan da bere aitaren egoeraren inguruan egindako zeharkako aipamen bakarra.
Pandemian eta krisi ekonomiko eta sozialean murgilduta, erregeak bigarren maila batean utzi du Juan Carlos I.aren kasua; izan ere, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak atzerrian ezkutuan zituen negozioengatik ikertu zuen, eta horrek Arabiar Emirerri Batuetara eraman zuen abuztuaren hasieran.
Estatuko buruzagiaren Gabon gaueko mezua (bere erregealdiko zazpigarrena) Espainiako Gobernuak eta alderdiek errege emerituari buruz aurreko egunetan egindako iruzkinen aurrean esan zezakeenarekiko ikusmin handiz inguratua zegoen.
Hala ere, gai hori Zarzuela Jauregitik telebistaz egindako hitzaldiaren hiru paragrafotan baino ez du aipatu.
Felipe VI.ak azpimarratu duenez, "printzipio demokratikoekin eta legeak betetzearekin batera", beharrezkoa da Espainiako gizartearen "sustraietan dauden balio etikoak babestea".
"2014an, Gorte Nagusien aurrean egindako izendapenean, herritarrek gure jokabideei buruz eskatzen dituzten printzipio moral eta etikoez aritu nintzen. Printzipio horiek guztiok behartzen gaituzte, salbuespenik gabe, eta edozein gogoetaren gainetik daude, edozein izaeraren gainetik, baita pertsonen edo senideen gainetik ere", azpimarratu du.