Bingen Zupiria
"Aurrekaririk gabeko txertaketa baten aurrean gaude, zuhurrak izan behar dugu"
EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, txertaketa "2020ko albisterik onena" da eta "6 edo 7 hilabete" beharko dira amaitzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, txertaketa "2020ko albisterik onena da", baina "munduan aurrekaririk ez duen txertaketa kanpaina bati aurre egin behar diogu, gauza asko ez ditugu ezagutzen, eta horregatik hobe da zuhurrak eta apalak izatea". Txertoak jartzeko 6 edo 7 hilabete beharko direla kalkulatu du. Gaineratu duenez, talde-immunitatea posiblea izango da "txerto berriak homologatuko direlako eta eskaintza handiagoa egongo delako".
Gabon zaharrari begira, Zupiriak baztertu du Gobernuak azken unean neurriak gogortzea. Ezarrita dagoen bezala, etxeratze-agindua gaueko hamabi eta erdietan izango delakoan dago, "kanpoan afaltzen badugu etxera itzultzeko denbora izan dezagun".
Gobernuko bozeramaileak ez du baztertzen Erresuma Batuan sortutako birusaren aldaera berria Euskadira iristea herrialdeen arteko mugikortasun handia dagoelako.
Azken egunetan Euskadin zehar izaten diren litradak ere aipatu ditu. Bere ustez, "koronabirusa gertutik bizi ez badugu, gaixotu den eta gaizki pasatu duen inor ez badugu, ez gara larritasunaz jabetzen. Aurten, covid-19ak eragindako 3.000 hildakoen berri ez da haien belarrietara iritsi". Ondarroan hainbat pertsonak harriak jaurti zizkieten Ertzaintzako agenteei; horren inguruan adierazi duenez, "irudi batzuek behin betiko gaindituta egotea espero dugun beste garai batzuetara eramaten gintuzten; udal agintariek, politikariek, baina baita familiek ere, asko dugu esateko jokabide horiek gerta ez daitezen".