Itxi

Gorka Urtaran

"Txertoak Forondara iristeak esan nahi du iparraldeko aireportu onenetakoa dela"

eitb media

Leer en Castellano

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ziurtatu du ez duela gasa bilatzeko baimenik emango, Arantxa Tapia sailburuaren planteamenduarekin "% 100ean" bat egiten duen arren.

Gorka Urtaran. Argazkia: EiTB

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudelen presidenteak uste du txertoaren iritsierak "agerian uzten" duela "Gasteizko aireportua dela Estatuko iparraldeko aireportu onenetako bat". Azpimarratu du "urte txar honetan karga jardueran hazi den bakanetako bat" dela.

Euskadiko Udalen Elkarteko presidente gisa, adierazi du udalak "prest" daudela "txertaketa berme osoz egiteko gure instalazioak osasun publikoaren esku uzteko", nahiz eta oraindik ez duten Osasun Sailaren eskaerarik jaso.

Ez du Gabonetarako duen kezka ezkutatu, izan ere, aitortu du "litekeena" dela jai egunen ostean "kasuen gorakada" izatea. "Kopurua handia ez izatea" espero omen du, hala ere. Datorren urteko ekitaldiei begira, ez du baztertzen "Azkena Rock jaialdia edo Zeledonen jaitsiera egitea". Txertaketa kanpainaren araberakoa izango dela iritzi dio.

Urtaranek Armentia 2ko gasa ateratzeko proiektua ere izan du hizpide. Udalak errefusatu egin zuen bilaketarako baimena, Hiriko Ordenamendu Egitasmo Orokorrak ez duelako onartzen. Gasteizko alkateak ziurtatu du ez duela "jarrera aldatuko", "Gasteizen mende" dagoelako, "hemen bizi den jendearen mende". Hiri Ordenamendurako Egitasmoaz harago, Urtaranek defendatu eginten du gasaren erabilera energia berriztagarrietarako trantsizio gisa: "Guztiz ados nago enegiaren euskal estrategiarekin, helburua soilik energia garbiekin hornitzea delako. Baina eredu horretara bidean, ditugun trantsizio energien artean aukeratu behar dugu: nuklearra edo gasa. Eta trantsizio epe horretan energia eskariari erantzun behar diogu bietakoren batekin. Nik gasaren alde egiten dut". Gainera, "bertako gasa Nigeriakoa edo Trinidad eta Tobagokoa baino hobea" dela goraipatu du: "Han ez dakigu nola egiten duten, ez dakigu ze ingurugiro baldintzatan egiten duten, eta zein baldintza sozialetan hango langileentzat". Baina ba omen daki gasa garraiatzeak eragiten duen kutsadura. Hori bai, alkateak azpimarratu du Gasteizen gasa ustiatzearen aldekoa dela ingurugiro aldetik errentagarria bada: "Ez edozein preziotan. Pankartan jartzen lehenengoa izango nintzateke gas ustiaketak gure hiriarentzat kalte konponezina eragingo balu".

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak egindako adierazpenen inguruan galdetuta ("Ibilbidea agian ez da hemen bukatuko" esan zuen), eta Eusko Jaurlaritzak Udalaren erabakiaren aurkako helegitea jar dezakeela eta, Urtaranek esan du berekin hitz egin duela, eta planteamenduan "% 100ean" bat egiten duen arren, ulertu behar duela alkatea bera dela eta udal araudia "beti" defendatuko duela.

Udal aurrekontuak negoziatzeko Elkarrekin Gasteizek jarritako baldintzetako bat gasa ustiatzeko baimena ukatzea zenez, Urtaranek uste du "akordioetara iristeko gaitasuna" erakutsi duela eta horrek "negoziazioa erraztea" espero duela. Hori bai, jakinarazi du alderdi guztiekin hitz egiteko prest dagoela, "baita EH Bildurekin eta Alderdi Popularrarekin ere". Aurrekontuak onartzeko deia egin die guztiei, "gasteiztarren eskaerei erantzuna emateko".


(Radio Euskadiren albistea, eitb.eus-en erredakzioan itzulia)

Albisteak (4)