Itxi

Espainiako monarkia

Espainiako "monarkia berritzeko" erreforma bat egin nahi du Sanchezek

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko presidenteak ez du xehetasunik eman nahi izan Zarzuelak edo Espainiako Gobernuak erakundea erreformatzeko har ditzaketen neurrien inguruan.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak astearte honetan nabarmendu duenez, Felipe VI.a Espainiako erregeak monarkiaren gardentasuna, eredugarritasuna eta kontu-ematea hobetzeko "bide-orri bat" finkatu du. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuaren babesa duela ziurtatu du, baina ez du argitu Ministroen Kontseiluak horren inguruko Koroaren Lege bat proposatuko duen ala ez.

Urtearen balantzea egiteko Moncloa Jauregian egindako agerraldian, erakundea "XXI. mendeko Espainiara egokitutako monarkia parlamentario konstituzionalera" egokitzeko Zarzuelak behar besteko urratsak emango dituela ziurtzat jo du Sanchezek.

Bere iritziz, Felipe VI.ak "mezu ausarta" helarazi zuen joan den ostegunean, eta "argi eta garbi adierazi zuen zein norabide hartu nahi duen monarkiak eta Estatuko buruzagitzak". Sanchezek azpimarratu duenez, "gardentasunarekin, eredugarritasunarekin eta kontu-ematearekin lotuta egon behar da" berrikuntza hori.

Hala, Espainiako Gobernuko presidentearen arabera, Felipe VI.a bere erregealdiaren hasieratik jarraitzen ari den bide-orria da hori, eta, ondorioz, "bere erabakia errespetatzen du Espainiako Gobernuak". "Felipe VI.ak Exekutiboaren babesa izango du Estatuko Buruzagitza eskuratu zuenean hasitako berrikuntza lanarekin jarraitzeko", gaineratu du Sanchezek.

Alabaina, Sanchezek ez du xehetasunik eman nahi izan Zarzuelak edo Espainiako Gobernuak ildo horretatik har ditzaketen neurrien inguruan, baina berretsi du Espainiako Errege-etxeak erakundea "berritzeko" asmoarekin jarraituko duela, Felipe VI.ak "ekintzekin erakutsi duen bezala". Testuinguru horretan, "lagundu dezakegun guztian, Espainiako Gobernua Koroaren esanetara egongo da", ziurtatu du Sanchezek.

Bestalde, gai horretan PPren babesa lortzen saiatuko den edo ez ere ez du argitu nahi izan Sanchezek. Deitoratu duenez, azken urtean Espainiako Gobernua kritikatzen aritu dira, baina monarkia berritzeko erreformarako haien babesa izateko prest dagoela esan du.

Albisteak (5)