Itxi

Presoak

Presoak hurbiltzea eta gradu progresioa azkartzea eskatu du Sarek

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Bilboko Euskalduna jauregian ekitaldia egin du presoen aldeko sareak, arratsaldeko mobilizazioen atarian. Alderdien, sindikatuen eta beste eragileen babesa izan du.

Sareren ekitaldia Euskalduna Jauregian. Argazkia: Sare

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare Herritarrak 70 pertsonako ekitaldia egin du Bilboko Euskalduna jauregian, arratsaldean presoak hurbiltzea eskatzeko egingo dituzten mobilizazioen aurretik. EAJ, EH Bildu eta Ahal Duguko ordezkariak izan dira ekitaldian, baita sindikatuetako eta beste elkarteetako kideak ere.

Bilboko manifestazioa (16:30ean, Moyuan) eta Baionako giza katea izango dira mobilizazio nagusiak. Gainera, 17:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte Nafarroako 78 udalerritan, Bizkaiko 73tan, Gipuzkoako 60tan eta Arabako 17tan.

Eguerdian irakurritako manifestuan, "itxaropena sortzen duen garai bat dugu aurrean", esan du Sarek, "zerbait mugitzen ari delako espetxe politikan" gizartearen aldarrikapen bateratuari eta Espainiako Estatuko "gehiengo politiko berriari" esker.

Sarerentzat "aringarria" da presoak familiarengandik gertuago dauden kartzeletara mugitzea, "senide askok urteetan egin behar izan dituzten bidaia luzeak murrizten direlako". Bidaia horiek 16 hildako eta 400 trafiko istripu utzi dituztela gogorarazi du.

Hala ere, egoera ez da oraindik "onargarria". Preso askok espetxean ia 30 urte bete dituzten arren, gradu progresioak gutxi dira, "oraindik presoen % 65 lehen graduan daudelako".

Presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeaz gain, "urruntzearen zigor gehigarria kentze aldera", Sarerentzat "gradu progresioa azkartu behar da".

Azaldu duenez, "euskal preso gehienek gradu progresioa aplikatzeko mekanismo legalak onartu" dituzte, eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ez dauka "aitzakiarik" modu orokortuan ez aplikatzeko. Horrez gain, azpimarratu du presoen gizarteratzea "azkarra" dela eta ez dagoela delitua berriro egiteko arriskurik.

"Oraindik 218 euskal preso espetxean daude jada desagertuta dagoen ETArekin zuzenean ala zeharka harremana izateagatik", eta gehienak Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta daude. Horietako 67ri "bizi osorako zigorra" aplikatzen zaie, "hori baita 40 urtez askatasunik gabe egotea".

"Motxiladun umeen" egoera ere gogoan izan du Sarek. 80 bat adingabek, pandemia hasi baino lehen, 2000 kilometro inguru egin behar izaten zuten gurasoak ikusteko, eta orain "hilabeteak eman dituzte bisitarik egin ahal izan gabe".

Gainera, 70 urtetik gorako presoen eta zigorraren bi herenak beteak dituzten presoen egoera era aipatu du sare herritarrak.

Espainiako Estatuko egungo gehiengo politikoak "giza eskubideen eta gizarteratzearen nagusitasun etikoa" onartzea espero du Sarek, eta "bake, elkarbizitza eta konponbide" agertokia kontuan izatea. Horretarako, "garrantzitsua" da "sektore politiko eta judizial jakin batzuek osatutako bloke oso atzerakoiaren etengabeko presioari" aurre egitea, "bake, bizikidetza eta konponbidearen aldeko helburuak gizartean heda" daitezen.

"Urruntze politikaren amaiera errealitatea izango da preso guztiak Euskal Herrian daudenean", esan du Sarek.

Albisteak (2)