Altsasuko auzia
Altsasuko gazteen defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo du
GAIZKA PALACIOS | EITB MEDIA
Duela lau urte Auzitegi Nazionalean abiarazitako prozesu judizialean oinarrizko eskubideak urratu zirela eta zigorrak gehiegizkoak direla salatuz, hainbat helegite aurkeztu dituzte Estrasburgon.
Altsasuko auziagatik zigortutako gazteen defentsak hainbat helegite aurkeztu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegian, senideek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez. Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako prozesu judizialean oinarrizko eskubideak urratu zirela salatu zuten hasieratik, baina Auzitegi Gorenak ez zituen ikertu, eta, ondorioz, Estrasburgora jotzea erabaki zuten joan den azaroan.
Amaia Izko abokatuak Euskadi Irratian azaldu duenez, hiru helegite aurkeztu dituzte. Alde batetik, Altsasuko gazteen kontrako prozedura berme juridikorik gabe egin zela salatu dute. Ildo horretan, instrukzio fasean defentsaren aurkeztutako hainbat froga eta lekuko onartu ez zituztela gogoratu dute.
Bestetik, kasua eraman zuen Concepcion Espejel Auzitegi Nazionaleko epailearen inpartzialtasun falta salatu dute. Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dago, eta erakunde armatuak Merezimenduzko Domina eman zion. Defentsako abokatuek hasieratik esan zuten ez zela epaiketarako egokia eta Espejel auzi horretatik kanpo uzteko eskatu zuten, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen eskaera onartu.
Eta azkenik, Koxka tabernan gertatutakoa ikusita zigorrak proportzionalak ez direla salatu dute. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak errekurtso horiek onartu ala ez erabaki beharko du orain.
Espainiako Auzitegi Gorenak urtebete eta 9 urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien Altsasuko gazteei, terrorismo deliturik ezin ez zela ondorioztatuta eta Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra pixka bat arinduta.