Itxi

Aurrekontuak

EH Bilduk 429 milioi inbertitzea proposatu du, covid-19aren krisiari aurre egiteko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Koalizio soberanistak neurri  zehatzak biltzen dituen dokumentua igorri dio Eusko Jaurlaritzari, 2021eko aurrekontua adosteko aukerarik ote dagoen aztertzeko asmoz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2021eko aurrekontuak adosteko Eusko Jaurlaritzak abiatu duen elkarrizketaren baitan, EH Bilduk neurri zehatzak biltzen dituen dokumentua igorri dio asteazken honetan Iñigo Urkulluren Gobernuari.

Pandemiak eragindako krisi sozio-ekonomikoari aurre egiteko eta sektore kaltetuenei laguntzeko asmoz, osasun publikoan, hezkuntzan eta gazteen enpleguan 429 milioi euro inbertitzea proposatu du koalizio soberanistak.

Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute proposamen horren xehetasunak azaltzeko, eta dokumentua Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua helarazi diotela jakinarazi dute.

Azpiazu joan den ostiralean bildu zen EH Bilduko ordezkariekin aurrekontu proiektua babesteko aukeraz hitz egiteko. Koalizio soberanistak esan zuen dezepzionatuta atera zirela batzarretik.

Neurriak eta inbertsioak

Alabaina, gaur, beste bilera bat egiteko eskatu diote Azpiazu sailburuari, goizean bidali dioten proposamena aztertzeko. Halaber, ekonomia suspertzeko Europar Batasunak emango dituen diru-laguntzei buruz eta zerga-sistema erreformatzeko beharraz ere negoziatu nahi du koalizio soberanistak.

Eusko Jaurlaritzak erreserban utzi duen diru-saila baliatuta, EH Bilduk 140 milioi euro osasun publikora bideratzea proposatu du, pandemiaren aurrean osasun sistema indartzeko eta txertaketa kanpaina azkartzeko baliabideak jarriz.   

Hezkuntzan 50 milioi euro gehiago inbertitzea planteatzen du, eta beste 14 milioi gizarte-zerbitzuetan.

Halaber, 200 milioi euroko erreskate-plana abiaraztea eskatzen du, pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko, tartean ostalaritzari, merkataritzari edota kulturari. Ildo berean, gazteen kontratazioa bultzatzeko programarako 20 milioi euro bideratzea proposatzen du, eta beste 5 milioi euro argindarraren prezioaren igoeraren ondorioei aurre egiteko.

Horrez gain, erresidentzietako egoiliarren eta langileen baldintzak hobetzea eta pentsio txikienak osatzea aldarrikatzen du EH Bilduk, zenbatekoak zehaztu gabe.

Bestalde, Shesa enpresa publikoa desegitea eskatzen du, Eusko Jaurlaritzak indar guztiak energia berreztigarriengan jar dezan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)