Elkarrizketa, Radio Euskadin
Iriarte: "Jaurlaritza EH Bildu ahultzeko baliatzen ari da aurrekontuak"
EITB Media
Koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak salatu duenez, Jaurlaritza "arretaz" ari da aztertzen Elkarrekin Podemos-IUren proposamena, baina EH Bildu, aldiz, "gutxiesten" ari da.
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ostegun honetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza "EH Bildu ahultzeko" ari da baliatzen aurrekontuak. Koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izandako elkarrizketa batean, salatu du Jaurlaritza "arretaz" ari dela aztertzen Elkarrekin Podemos-IUren proposamena, baina EH Bildu, aldiz, "gutxiesten" ari dela.
"Badirudi ez dutela gurekin ezer nahi", gaitzetsi du Iriartek, Eusko Jaurlaritzak abiatutako aurrekontu-negoziazioen gainean galdetu diotenean: "Jaurlaritzak ikuspegia galdu du. Aurrekontua baliabide tekniko eta politikoa da, herritarren beharrei erantzuna emateko; Gobernuak, aldiz, uste du EH Bildu ahultzeko tresna dela".
Iriarteren esanetan, Jaurlaritza "arretaz" ari da aztertzen Elkarrekin Podemos-IUren proposamena, baina EH Bildurena, aldiz, ez, eta hori "ulertezina" da: "Analisi kuantitatiboa eginez gero, gure proposamena oso antzekoa da; tratua, baina, ez da berdina", esan du. EH Bilduren planteamenduak proposatzen du inbertsio publikoa "handiagoa" izan dadila, eta hori, Iriarteren iritziz, "errealista eta egingarria" da, "sen onekoa".
Legebiltzarkideak galdegin du erreforma fiskal bat egitea; izan ere, hori "ezinbestekotzat" jo du, "krisi hau betikoek ordain ez dezaten. Gehiago duten herritarrek ekarpena egin beharko lukete", nabarmendu du.
"EH Bilduk proposamenak egin ditu, eta Jaurlaritzak, kasu batzuetan, erantzunik ere ez du eman", deitoratu du Iriartek: "Telebistaren bidez izaten dut Jaurlaritzak hartutako neurrien berri; batzuetan, WhatsApp-eko mezu bat jasotzen dut", azaldu du. Jaurlaritza eta EAJ EH Bildu ahultzen saiatzen ari dira, haren esanetan: "Ez dute akordiorik adosteko asmorik".
"Ez dago txertaketarako estrategia argirik, trebatutako langile gehiago behar dira, orain arrapaladan osasun-langileak txertatuko dituzte… gardentasuna behar da", esan du. Iriartek Eusko Jaurlaritza pandemia nola kudeatzen ari den gaitzetsi du: "Hilabeteak eman ditugu birusaren atzetik”." Salatu duenez, gardentasun handiagoa egon beharko litzateke, eta erabakiak zergatik hartzen dituzten azaldu beharko lukete.
Halaber, eskaria egin du Osasun Sailerako inbertsioa handiagoa izan dadila: "Osasun-langileek diotenez, estuegi dabiltza. Egoitzetan, gainera, kontratazio gehiago egin beharko lituzkete, eta behin-behinekotasunari amaiera eman behako liokete". Jaurlaritzak, baina, erabaki du gauzak "bere kabuz" egitea, EH Bilduren ustez, "azken hilabeteotan egin ditugun proposamenei kasurik egin gabe".
Azkenik, EH Bilduk EPPK taldearen barnean dauden presoei egindako bisitei erreparatuta, Iriartek azaldu du helburua dela horien iritziaren berri izatea: "Presoak, bakegintzan eta elkarbizitzan, elementu garrantzitsua dira, biktimak ere direnez".