Katalunia
Hauteskundeak egiteko otsailaren 14ko datari eutsi dio Kataluniako justiziak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kataluniako Auzitegi Nagusiak asteartean hartutako erabakia berretsi du, behin-behinean bada ere. Otsailaren 8a baino lehen emango du behin betiko epaia.
Kataluniako hauteskundeen dataren inguruan asteartean erabakitakoa berretsi du gaur Justizia Auzitegi Nagusiak. Hau da, bertan behera utzi du, behin-behinean, Parlamenturako hauteskundeak otsailaren 14tik maiatzaren 30era atzeratzeko bertako gobernuak ostiralean onartutako dekretua. Hortaz, gaur-gaurkoz, indarrean dago otsailaren 14ko hauteskunde hitzordua.
Auzitegiko Administrazioarekiko auzien Salak, Fiskaltzaren irizpidearekin bat eginda, asteartean hartutako kautela bereziko neurriei eustea erabaki du, hots, bozak maiatzera atzeratzeko dekretua bertan behera uztea. Behin betiko epaia otsailaren 8an emango du.
Oraingoz, salak erabakiaren berri baino ez du eman, eta datozen orduetan idatziko du ebazpena —bihar kaleratuko dute, ziurrena—. Ohartarazi duenez, gainera, ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen balizko helegiteek ez dute etete ondoriorik izango.
Data gainean dagoela eta, Kataluniako Gobernuaren dekretuaren kontrako helegiteak izapidetzeko epeak laburtu ditu auzitegiak, eta behin betiko erabakia otsailaren 8an emango du, hauteskunde kanpaina hasia dagoela.
Halaber, aldeei lau eguneko epea eman die txostenak aurkezteko (berez zortzi dira), eta hala, behin betiko epaia lehenbailehen eman ahal izateko.
Pandemiak okerrera egin duela eta alarma egoera indarrean dagoela ohartarazi du Generalitateak
Kataluniako Gobernuak ostegun honetan bertan aurkeztu ditu Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurkako alegazioak. Besteak beste, osasun egoera larria dela eta osasun publikoa bermatu beharra dagoela azpimarratzen du, alarma-egoera indarrean dagoela eta kutsatzeak saihesteko mugikortasuna murriztuta dagoela gogoratuz.
Ester Capella Justizia kontseilariak agerraldi telematikoa egin du Generalitateak aurkeztutako alegazioei buruzko azalpenak emateko. Edozein eztabaida juridikoren gainetik, kasu honetan "zentzuz" jokatu beharko litzatekeela eta "interes partikularren aurrean herritarren interesak" lehenetsi beharko liratekeela nabarmendu du.
Kataluniako Gobernuak hauteskundeak atzeratzeko dekretuan aldaketarik egingo ez duela ziurtatu du, legezkoa dela esanez. Hala dela erakusteko hiru txosten aurkeztu dituzte epaitegian: osasun egoerari, kalitate demokratikoari eta marko juridikoari buruzko dokumentuak, hain zuzen ere.
Ildo berean, gogora ekarri du hauteskundeak maiatzaren 30era atzeratzeko erabakia hainbat arrazoigatik hartu zutela, tartean ordurako alarma egoera indargabetuta egongo delako, herritarren zati handi batek covid-19aren aurkako txertoa jarrita izango dutelako eta udaberrian arriskua neguan baino txikiagoa delako.
Eusko Jaurlaritzak eta Galiziako Gobernuak joan den apirilerako deitutako hauteskundeak uztailera arte atzeratu zituzten, pandemiaren eraginagatik, eta ez zuten inolako arazo juridikorik izan. Capellak esan du Kataluniako Gobernuaren dekretua antzekoa dela.
Hauteskundeak otsailean egiten badira, herritar askoren parte-hartzerako eskubidea urratu daitekeela ere alegatu dute, kutsatuta daudelako eta murrizketen ondorioz hauteslekura joaterik izango ez dutelako.