Presoak
Troitiñok kimioterapia utzi nahi du espetxeratzearekin "bateraezina" delako
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Etxeraten arabera, Troitiñoren osasun egoerak nabarmen egin du okerrera, eta lau aldiz eraman behar izan dute Estremerako kartzelatik ospitalera azkenaldian.
Antton Troitiño presoak bere abokatuari jakinarazi dio kimioterapia tratamendua utzi nahi duela espetxeratzearekin "bateraezina" delako, Etxeratek aurreratu duenez.
Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua eman zion Troitiñori duela bi aste, gaixotasun larri eta sendaezina daukalako. Harrezkero, Estremerako kartzelan dago.
Tratamendu aringarri gisa, kimioterapia ematen diote preso donostiarrari, baina, abokatuari aditzera eman dionez, ez du horrekin jarraitu nahi, Etxeratek ohar baten bidez zabaldu duenaren arabera.
Antza denez, Troitiñoren osasun egoerak nabarmen egin du okerrera, eta lau aldiz eraman behar izan dute Estremerako kartzelatik ospitalera azkenaldian, kimioterapia hartzeko, jarraian espetxera itzuli behar izan bada ere.
Hori dela eta, aske geratu arte kimioterapia uzteko erabakia hartu du presoak "duintasunez, berme guztiekin eta familiakoak gertu dituela" jaso nahi duelako tratamendua.