TXERTAKETA IRREGULARRAK
Oposizioak Sagarduiren "sinesgarritasun falta" kritikatu du eta dimisioa eskatu du
N.B. | EITB Media
EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Vox alderdiek Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute berriro, Basurtuko eta Santa Marinako txertaketa irregularrengatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Oposizioko talde guztiek Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute ostegun honetan, Bizkaiko Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetan egindako txertaketa irregularrengatik.
Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioa ere eskatu dute EH Bilduk, PP+Csek eta Voxek.
Dimisio eskaera horiek asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean Osasun sailburuak egindako agerraldiaren ostean egin dituzte, Santa Marina ospitalean ezarritako protokoloetatik kanpoko txertaketa masibo batek eragindako deskoordinazioaren ondorioz.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hedabideen aurrean azaldu duenez, bere taldeak dimisioak eskatzen ditu, "gezurra esateagatik", txertaketen kanpainan "kontrolik ez izateagatik", prozesuan "gardentasunik ez izateagatik" eta "Osakidetzaren irudia zikintzeagatik".
Uberaren ustez, Sagarduik eta Perezek, asteazken honetan Legebiltzarrean egindako agerraldiaren ostean, "ezin dute minutu bat gehiago ere egon".
"Herritarren sinesgarritasuna eta konfiantza galdu dute", gizarteak botere publikoengan "konfiantza" behar duen une honetan, Uberaren hitzetan, eta "harrituta" agertu da sailburuak atzo egindako agerraldiarekin; izan ere, Sagarduik "gezurra esan zuen" eta "informazioa ezkutatu zuen".
Azaldu duenez, sailburuak ez zuen egia esan Santa Marina ospitaleko langile guztiei txertoa jartzeko baimenik eman ez zuela esan zuenean, eta, bere ustez, hori frogatu egin da, eta, gainera, "zuzena" iruditu zitzaion.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak uste du Osasun sailburuak dagokion "erantzukizuna" hartu eta "alde batera egin" beharko lukeela.
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearen ustez, sailburuak emandako azalpenak ez ziren "sinesgarriak" izan, eta kasu honetan Sabasen kontrako hitza eman du. "Sailburuaren bertsioa egia ez dela ezin daiteke esan, baina ez da sinesgarria", azpimarratu du.
Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazi duenez, Sagardui eta Perez "gaitasungabetuta" daude euren karguetan jarraitzeko, agerraldian "egia falta izan zelako", eta hori "larria" dela gaineratu du.
Garridok gaineratu du sailburuak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez ezagutzen zuela Santa Marinako txertaketa masiboa, eta "oniritzia" izan zuela, protokoloan zehaztutako bial-kopurua baino gehiago bidali baitziren.
Sailburuak Jose Luis Sabas ospitaleko gerentea kargutik kendu zuen, "jokabide irregularragatik", sailburua bera jakinaren gainean zegoela jokabide horretaz. Beraz, ez du "sinesgarritasunik" pandemiaren aurkako borrokan sailaren buru izaten jarraitzeko.
Hori dela eta, bi arduradunek dimititzen ez badute, Urkulluk kargugabetu beharko dituela ondorioztatu du, lehendakariak "ezin duelako bere burua ezkutatu" gai honetan.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, asteazken honetako batzordean Sagarduiren dimisioa eskatu zuen, eta, sailburuak eta Osakidetzako zuzendariak dimititzen ez badute edo lehendakariak karguetatik kentzen ez baditu, Urkullu izango da "Gobernu honen sinesgarritasun faltaren arduradun nagusia".
Elkarrekin Podemos-IUk bezala, Eusko Legebiltzarrean txertaketa irregularren inguruan gertatutakoa ikertzeko batzorde bat sortzea proposatu du.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, berriz, bere alderdiaren babes osoa adierazi dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Txertakera prozesuan EAEn izan diren irregulartasunen aurrean sailburuak "gardentasun osoz" jokatu duela azpimarratu du, eta oposizioari "sorgin ehiza batean" ez sartzeko eskatu dio.