DIPUTATUEN KONGRESUA
Villarejok agerraldia egingo du Kitchen auziari buruzko ikerketa batzordean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Hasiera batean PSOEk aurkako jarrera erakutsi badu ere, beste alderdi guztien eskarien aurrean, azkenean amore eman du. Rajoyk, Cospedalek eta Barcenasek ere eman beharko dituzte azalpenak.
Kitchen auziari buruzko Espainiako Diputatuen Kongresuko ikerketa batzordean azalpenak eman beharko ditu Jose Manuel Villarejo komisario ohiak. Horrela adostu dute alderdi guztiek, baita PSOEk ere. Gainera, Rajoy, Cospedal eta Barcenas ere deituko dituzte.
Hasiera batean, PSOE Villarejoren agerraldiaren aurka agertu arren, beste alderdi guztien eskarien aurrean, azkenean amore eman eta iritzia aldatu du. EAJk proposatutako zerrendak aurrera egin du, Jose Manuel Villarejoren agerraldia ez ezik Enrique Garcia Castañorena ere eskatzen zuena.
Sozialisten arabera, eurek ez zuten Villarejo deklaratzera deitu nahi "gezurra esatera bakarrik datorrelako". Hala ere, "bederatzi talde parlamentariok Villarejoren agerraldia eskatzen badute, bozka dezagun", gaineratu dute.
Bigarren zerrenda bat ere bozkatu dute, PSOEk proposatutakoa, hain zuzen ere.
Zerrenda horretan, hauek ageri ziren: Mariano Rajoy, Jose Luis Barcenas PPko diruzain ohia eta Rosalia Iglesias haren emaztea, Ignacio Cosido Espainiako Poliziako buru ohia, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohia eta Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronela.
Osoko bilkura amaitu ostean, ateak itxita bildu da Barne Ministerioak PPren interes politikoen alde egiteko eta Jorge Fernandez Diaz ministro zela Barcenas zelatatzeko erabili ote zituen ikertzeko batzordea.