Itxi

Radio Euskadi

Oposizioak Eusko Jaurlaritzaren akatsekin lotu du Zaldibarko zabortegiko luizia

EITB Media | Agentziak

Leer en Castellano

EAJk eta PSE-EEk esan dute, bestalde, erantzukizuna Verter Recycling enpresarena dela "ehuneko ehunean", Radio Euskadiko legebiltzarkideen arteko eztabaidan.

Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioko eztabaida. Irudia: EITB Media

Oposizioko legebiltzarkideek Eusko Jaurlaritzaren akatsei eta "zabarkeriari" egotzi diete Zaldibarko Zabortegian gertatutako luiziaren gaineko erantzukizuna, Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan. Exekutiboko alderdientzat, bestalde, erantzukizuna enpresarena da "ehuneko ehunean", eta "ikusteko" dago Jaurlaritzaren kontrolek kale egin zuten ala ez.

Maria Eugenua Arrizabalaga (EAJ), Eneko Andueza (PSE-EE), Mikel Otero (EH Bildu), Isabel Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU) eta Carmelo Barrio (PP) legebiltzarkideek Radio Euskadiko eztabaidan parte hartu dute, eta orain dela urte bat, 2020ko otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegian gertatutako luiziari buruz hitz egin dute. Horretan bi langile harrapatuta geratu ziren, eta horietako bat, Joaquin Beltran, oraindik bilatzen ari dira.

EH Bilduko Oterorentzat, gai honetan egon daitezkeen "erantzukizun penaletatik" aparte, Zaldibarkoa "orban erraldoia" da Eusko Jaurlaritzarentzat. Esan duenez, enpresak "kale egin zuen", baita Exekutiboak izan behar izan zuen "kontrolak" ere. EAJk eta PSEk gaiari buruzko batzorde bat "blokeatzea" ere kritikatu du.

Elkarrekin Podemos-IU taldeko Gonzalezek esan du EAEn azken urtean gertatutako "bi katastrofe handienak zabortegikoa eta pandemia" direla, eta gehitu du luizia baino lehen Eusko Jaurlaritzari leporatu dakioken "zabarkeri administratiboen segida" izan zela.

Carmelo Barrio popularrak Exekutiboren aldetik "koordinazioa eta kontrola falta izan zirela" nabarmendu du, eta onartu du zabortegia behera erortzearen erantzukizuna "batez ere" Verter Recycling enpresarena dela.

Arrizabalaga jeltzaleak Eusko Jaurlaritzaren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren "konpromiso esplizitua eta berariazkoa" azpimarratu du, Joaquin Beltranen bilaketarekin "atsedenik gabe jarraitzeko", eta gehitu du auziko "beste lehentasun bat" dela "mota guztietako erantzukizunak argitzea", eta horretarako Jaurlaritza "epaitegiekin kolaboratzen ari dela".

EAJko legebiltzarkidearen ustez, oposizioko alderdiek Exekutiboaren kontrol falta salatzeko bat egitea lehendakariak hauteskundeak deitu zituenean gertatu zen, iaz, eta "ikusteko" dago kontrol horiek kale egin zuten ala ez.

Eneko Andueza sozialistarentzat, erantzukizuna enpresarena da "ehuneko ehunean", eta oposizioko taldeei eskatu die "ez egiteko epailearenak".

Albisteak (5)