Itxi

O14

Covid-19ak eta abstentzioaren mehatxuak baldintzatutako hauteskundeak Katalunian

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

"Hautesleku denetan mahai guztiak osatzea posible izango da", ziurtatu du Kataluniako Gobernuak. Hala ere, ezohiko hauteskundeak izango dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

5.624.044 herritarrek botoa emateko eskubidea dute Kataluniako hauteskundeetan, 69 hautagaitzen artean Parlamentuko 135 ordezkariak aukeratzeko. Ezohiko hauteskundeak izango dira, koronabirus pandemiak baldintzatuta. Parte-hartze oso txikia izatea espero da, iragarri ezin diren ondorioekin.

Generalitateko datuen arabera, 2017ko abenduaren 21ean baino % 1,25 boto-emaile gehiago izango dira. Hauteskunde erroldako 5.368.881 pertsona Katalunian bizi dira, eta 255 163 atzerrian.

Pandemiaren aurrean, posta bidezko botoa sustatu dute Governak eta alderdiek. Botoa modu telematikoan eskatzeko eta boza Correoseko langile bati zuzenean entregatzeko aukera eman dute, etxetik ateratzeko beharrik gabe.

Horrela, posta bidezko boto eskaerek goia jo dute Kataluniako hauteskundeetan. 284 706 eskakizun egin dituzte, erroldaren % 5,30, azken bozetan baino % 350 gehiago.

2015ean 107 421 eskaera egin zituzten, eta horrek marka hautsi zuen. Aurten 84 476 pertsonak posta bidezko botoa modu telematikoan eskatu dute, eta 200 230ek presentzialean.

Nahiz eta posta bidezko boto kopurua handia izan, biztanleriaren gehiengoa hauteslekuetara joango da igandean. Kutsatzeak saihesteko segurtasun protokoloek eta ordu-tarteek markatuko dute bozketa.

Zentzu horretan, Bernat Sole Kanpo Ekintza, harreman Instituzional eta Gardentasun kontseilariak ziurtatu duenez, "herri honetako hautesleku denetan mahai guztiak osatzea posible izango da".

2763 hautesleku

Igandean 2763 hautesleku egongo dira zabalik –2017an baino 83 gehiago--, eta desberdinak izango dira: hezkuntza zentroak ez diren tokiei lehentasuna eman diete, dentsitate txikia ahalbidetzeko (gutxienez 2,5 metro karratu pertsona bakoitzeko), hala nola, pabiloiak eta leku zabalak, eta osasun zentroetan edo adinekoen egoitzetan ez da hauteslekurik antolatu.

Generalitateak onartutako protokoloaren arabera, hauteslekuetan aireztatzea etengabe bermaturik egon beharko da, baita mi metroko distantzia mahaien artean ere, eta 1,5 metrokoa mahaiko kideen artean, boto-emaileen artean, eta boto-emaile eta mahaien artean, eta osasun segurtasuneko arduradunak egongo dira, neurriak betetzen direla egiaztatzeko.

Ilarak Bartzelonan PCR proba egiteko, hauteskunde bezperan. Argazkia: EFE

Pertsona guztiek une oro maskara jantzita eraman beharko dute, eta hauteslekuak garbitu eta desinfektatuko dituzte egunean zehar.

Gainera, aire librean edo kalean tokiak prestatuko dituzte, hautesleku barruan ahalik eta jende gutxien pilatzeko; ondorioz, litekeena da botoa emateko ilarak sortzea. Horregatik, ilarak antolatzeko modua zehazten du protokoloak.

Hautesleku barruan norabide bakarreko zirkuituak ezarriko dituzte, pertsonak gurutzatzea saihesteko, botoa eman behar duen pertsona soilik sartuko da bozketa zentroan, laguntza behar duten herritarrak salbu, eta irteerak eta sarrerak independenteak izango dira.

Hiru ordu-tarte

Kutsatze arriskua murrizteko, Governak hiru ordu-tarte ezarri ditu botoa ematera joateko, nahiz eta derrigorrezkoak ez izan: 9:00etatik 12:00etara arriskuko kolektiboak; 12:00etatik 19:00etara koarentenan ez dauden gainerako herritarrak, eta 19:00etatik 20:00tara kutsatuak, harreman estuak eta susmagarriak. Azken horiek konfinamendua hausteko baimena izango dute, dagokien ziurtagiria eramanda.

Azken ordu-tarte horretan mahaietako kideek norbera babesteko ekipamenduak jantziko dituzte. Gainerako ordu-tarteetan eskularruak, maskarak, betaurrekoak eta babesteko arropak emango dizkiete.

9139 mahai osatzea espero da –2017an 8247 izan ziren--: 6694 Bartzelonan, 853 Gironan, 566 Lleidan eta 1026 Tarragonan. Mahaiak osatzeko 82 251 pertsona deitu dituzte, horietatik 27 417 titular eta 54 834 ordezko.

Azken egunetan hauteskunde mahaietara ez joateko aurkeztu den alegazio eta helegite kopuru handiak polemika sortu du Katalunian; izan ere, deitutako 82 251 pertsonetatik gutxienez 35 637k errekurtsoa aurkeztu dute.

Hala ere, Bernat Sole Kanpo Ekintzako kontseilariak ostiralean ziurtatu zuenez, mahaien bi herenek hiru titularrak eta sei ordezko baieztaturik dituzte, eta mahaien % 99,9k osatzeko gutxieneko kideak. Horregatik, hauteskundeetako emaitzak igandean bertan argitaratu ahal izatea espero du. Mahai asko osatu gabe geratzekotan, emaitzak ez argitaratzeko aukera planteatu zuen Governak.

Mahaiak osatzea bermatzeko, dagoeneko osatu den mahai bateko ordezkoak beste hautesleku batzuetara lekualdatzea aurreikusi dute. Horregatik, pertsona horiek 10:00etara itxaron beharko dute, ohi baino ordubete gehiago.

Albisteak (5)

Bideoak (2)