Itxi

Katalunia

'Proces'eko presoei hirugarren gradua kentzea eskatu du Fiskaltzak

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

O14-ko hauteskundeen biharamunean, helegitea jarri du hirugarren gradua eman zien erabakiaren aurka, eta Junqueras eta gainerakoak espetxera itzultzea eskatu du, auziaren muina aztertu arte.

Junqueras, kanpainako ekitaldi batean. Argazkia: Efe

Fiskaltzak helegitea jarri du, otsailaren 14ko Kataluniako hauteskundeen biharamunean, 'proces'eko presoei hirugarren gradua eman zien erabakiaren aurka, eta auziaren muina aztertu arte espetxera itzultzea eskatu du.

'Proces'eko auzipetuak urtarrilaren 29an atera ziren kalera (Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohia izan ezik, egun bat geroago atera baitzen), hauteskunde kanpaina hasi zen egunean, Generalitatearen hirugarren gradua jasota, Auzitegi Gorenak abenduan ukatu ostean.

Otsailaren 14ko hauteskundeak amaitu eta egun batera, Bartzelonako probintzia fiskaltzak helegitea jarri du espetxe zaintzako auzitegietan bederatzi presoen hirugarren gradua atzera botatzeko. Gaur egun espetxera lo egitera bakarrik joan behar dute, astelehenetik ostegunera, eta askatasun maila hori kendu nahi die Fiskaltzak, gaiaren muina aztertzen den arte.

Generalitateak presoekin izan duen jarrera eta presoek "berriro egiteko" erakutsi duten borondatea aipatu du helegiteetan, eta administrazioaren kartzela politika ez dela "bideratzen errehabilitaziora, baizik eta ebazpenaren zigorra aldatzera".

Ministerio publikoak adierazi du ez dela zentzuzkoa hirugarren gradua ematea, Gorenak ukatzeko abenduan eman zituen arrazoiak bere horretan daudelako.

Fiskaltzak azpimarratu du presoek ez dutela zigorraren erdia bete (laurdena ere ez dutela bete dio, baina oker dago), eta delituak "oso larriak" direla, ez soilik juridikoki, baizik eta "instituzioetan eta gizartean duten eraginagatik". Izan ere, Fiskaltzaren arabera, "egindako kalteak Zuzenbidezko Estatu Sozial eta Demokratikoan eta Espainiako Konstituzioan izan du eragina".

Aurreko helegiteetan bezalaxe, Fiskaltzak helegiteetan dio 'proces'eko presoen kasuan "delituaren jarduerarekin guztiz lotutako izaeraren ezaugarrian aldaketarik ez" dagoela, egindakoak ez direla delitu uste dutelako oraindik.

Horren harira, ministerio publikoak berretsi du presoak ez daudela zigortuta "ideologiagatik", baizik eta "lege demokratikoekiko errespetu faltagatik".

Albisteak (4)