KATALUNIA
Pablo Hasel Lleidako kartzelan sartu dute, Esquadra Mossoek atxilotu ostean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak bere abestiengatik eta txioengatik, eta astelehenetik Lleidako Unibertsitatean gotortuta egon da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Esquadra Mossoek Pablo Hasel rap abeslaria atxilotu dute. Auzitegi Nazionalak zigorra ezarri ostean, Pablo Haselek itxialdia abiatu zuen atzo goizean Lleidako Unibertsitateko Errektoretzan, kartzelan sartzea ekiditeko.
Polizia operazioa 06:30ean hasi da. Mossoak Lleidako Unibertsitatean sartu dira, rap kantaria atxilotzeko asmoz. Unibertsitateko hirugarren solairuan 70 pertsona inguru elkartu dira Pablo Haselen inguruan, haren atxiloketa oztopatzeko.
Rap abeslariarengana heldu aurretik, mossoek banan-banan atera eta identifikatu egin dituzte haren inguruan zeuden pertsonak. Hori lortutakoan, Pablo Hasel atxilotu dute.
Mossoek ziurtatu dutenez, operazioa modu baketsuan eta "gorabehera larririk gabe" gauzatu da.
Les solidàries plantant cara dins el rectorat.¿És un segrest, la #LlibertatPabloHasel no s’entrega. pic.twitter.com/UDj1iDI7HX
— CDRs de Lleida (@CDRsLleida) February 16, 2021
08:30ak pasatxoan atera da Pablo Hasel Lleidako Unibertsitatetik, atxilotuta. Irteeran eta mossoen furgonetan sartu aurretik, "heriotza estatu faxistari" oihukatu du.
Pablo Hasel Lleidako Ponent espetxean sartu dute, Esquadra Mossoek gaur goizeko operazioan atxilotu ostean. Rap abeslaria polizia-auto batean eraman dute espetxera.
Atxiloketaren ondotik, Llibertat Pablo Hasel plataformak mobilizaziorako deia egin du. 19:00etan egin dute protestarako hitzordua Lleidako katedralaren plazan.
S'emportaran al @PabloHasel, però avui omplirem els carrers de Lleida de solidaritat. Tothom a les 19h a la Plaça de la Catedral ¿¿#SiLeEncarcelanAlaCalle#LlibertatPabloHasel pic.twitter.com/tapgFboEXY
Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra
Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion Pablo Haseli bere abestietan terrorismoa goratzea eta monarkia iraintzea leporatuta.
Joan den ostiralean amaitu zitzaion Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxean bere borondatez sartzeko eman zion epea. Berak, baina, argi utzi zuen ez zela espetxean bere kabuz sartuko, eta atxilotu egin beharko zutela.
Rap abeslariak atzo 09:00etan hasi zuen itxialdi mugagabea, bere askatasuna aldarrikatzen duen Llibertat Pablo Hasel plataformako kideak alboan zituela. "Lleidako Unibertsitatean itxialdia hasi dut hainbat solidariorekin batera. Suntsitu egin beharko dute, atxilotu eta espetxeratu nahi banaute", adierazi zuen atzo goizean Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean.
BIDEOA: Kongresuko alderdi independentistak, Pablo Haselen askatasunaren alde
BIDEOA: CUP alderdiko diputatu batek Pablo Haselen abesti bat jarri du Kongresuan