Katalunia
Gutxienez 15 atxilotu eta 33 zauritu Katalunian, Pablo Haselen aldeko mobilizazioetan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Rap-kantaria kartzelan sartu dute bere abestiengatik eta sare sozialetan publikatutako mezuengatik bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra betetzeko. Mobilizazioak istiluekin amaitu dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pablo Hasel abeslariari babesa eta elkartasuna adierazteko mobilizazioak izan dira bart Kataluniako hainbat hiritan, eta manifestarien eta polizien arteko istiluekin amaitu dira. Gutxienez 15 pertsona atxilotu dituzte. Halaber, 33 pertsona zauritu dira eta horietako zortzi ospitalera eraman dituzte. Manifestari batek foam pilotakada bat jaso du begian eta lesio larria eragin dio.
Larrialdi zerbitzuek asteazken honetan egindako balantzearen arabera, Bartzelonan 11 pertsona artatu dituzte eta lau lagun eraman dituzte ospitalera, Vicen (Bartzelona) 15 lagun artatu dituzte, Lleidan beste bost eta hiru ospitaleratu dituzte, Gironan pertsona bat artatu dute eta Reusen (Tarragona), azkenik, ospitaleratu behar izan duten beste pertsona bat artatu dute.
Rap-kantaria Lleidako Unibertsitatean atxilotu zuten, bere abestiengatik eta sare sozialetan publikatutako mezuengatik bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra betetzeko.
Esquadra Mossoen arabera, zortzi pertsona atxilotu dituzte Lleidan, hiru Bartzelonan eta lau Vicen (bat Udaltzaingoak). Gironan ere izan dira istiluak manifestazioaren ostean.
"Erresistentzia!", "Pablo, laguna, zure ondoan gaude" eta "Pablo Hasel aske!" izan ziren astearteko manifestazioetan gehien erabilitako leloak, rap-kantaria atxilotu izana salatzeko.
Lleidan, 2.000 lagun inguru bildu ziren. Manifestazioa Katedraleko plazatik abiatu zen, manifestu bat irakurri ostean.
Gironan, Urriaren 1eko plazan, 5.000 pertsona elkartu ziren, eta Bartzelonan, 1.700; Dolors Sabater CUPeko presidentegaia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko burua, besteak beste.
Bartzelonan, manifestazioa Espainiako Poliziaren egoitza nagusiaren parera iritsi zenean hasi ziren liskarrak. Esquadra Mossoek foam balak jaurti zituzten manifestarien aurka, eta manifestariek harriak eta botilak bota zizkieten eta suzko barrikadak jarri zituzten, edukiontziak kale erdian zeharkatu eta su emanda.
Vicen, hainbat manifestarik harriak jaurti zituzten epaitegiaren eta eraikina zaintzen ari ziren agenteen aurka. Ondoren, kalteak eragin zituzten Mossoen polizia-etxean ere.
Valentzian, 500 bat lagun elkartu ziren, eta manifestazioa inolako istilurik gabe amaitu zen. Alabaina, ondoren, hainbat lagunek edukiontziak jarri zituzten errepide erdian eta poliziak aurre egin zien.
BIDEOA | Pablo Hasel Lleidako Unibertsitatean atxilotu duten unea
BIDEOA | Kongresuko alderdi independentistak, Pablo Haselen askatasunaren alde
BIDEOA | CUP alderdiko diputatu batek Pablo Haselen abesti bat jarri du Kongresuan