Entrevista en Radio Euskadi
Laura Garrido: "Demokraziaren etsaiak Espainiako Gobernuaren barruan daude"
EiTB MEDIA
PPk Euskadin duen idazkari nagusiak Pedro Sanchezi eta EAJri egotzi die, Pablo Haselen atxiloketarekin lotuta, Ertzaintzari eta Estatuko Segurtasun Indarrei babes nahikoa eman ez izana.
Pablo Haselen atxiloketarekin lotuta Bilbon asteburuan izan diren istiluak hartu ditu hizpide Radio Euskadiko "Boulevard" saioan PPren Euskadiko idazkari nagusi Laura Garridok. "Gisa honetako istiluak errotik gaitzetsi behar dira", esan du. Era berean, elkartasuna adierazi die Deia egunkariko kazetariari eta segurtasun indarrei.
Arlo politikoan, Garridok adierazi du ez duela Gobernuko presidentearen jarrera ulertzen, "hiru egunez desagertuta egon delako", eta "onartezintzat" jo du Podemoseko zenbait buruzagik gertakari horiek txalokatzea, Pedro Sanchezen "pasibotasunaren" aurrean.
Garridoren ustez, demokraziaren etsaiak Gobernuaren barruan daude, "konstituzionaltasuna eta erakundeak zalantzan jartzen dituzten horien artean". Bestalde, EAJri aurpegiratu dio "Espainiarentzat eta Euskadirentzat ezer onik ekartzen ez duen Gobernu hori" babestea. Ildo horretan, nabarmendu du Sanchezek eta EAJk ez dituztela Ertzaintza eta Estatuko Segurtasun Indarrak behar bezala babestu.
Pablo Casadoren PP alderdiak "argi" gaitzesten ditu min handia egin diguten zenbait jokabide eta pertsona. Horrekin lotuta, Luis Barcenasen ekintzak ekarri ditu gogora.
"PSOEren eta Podemosen politika txarren hautabidea gara". PPko legebiltzarkideak, baina, onartu egin du PPren egoera ekonomikoak ez duela lehengoarekin zerikusirik, horregatik salduko dute Madrilgo Genova kalean duten egoitza.
"Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa onaren mitoa hausten ari da". Garridoren aburuz, ez da beharrezkoa Euskadin pandemiaren kontrako lege bat sortzea. Lehendakariak "asmatutako zerbait" dela iritzita, EAJri aholkatu dio Jaurlaritzaren esku dauden bitartekoak erabiltzea, "inprobisaziora" jo beharrean.
"Lakuak ez du ostalariei laguntzeko esfortzurik egin, erreskate plan bat behar dute", azpimarratu du. Bukatzeko, harrituta agertu da txertaketa prozesuan Euskadi "atzetik doan" erkidegoetako bat delako: "Hemen ez dago plan bat zehaztuta, eta ulergaitza da talde berriak iragartzea, oraindik zenbait talderen txertaketa bukatu gabe egonda".