Katalunia
Europako Parlamentuko batzordeak Puigdemonti immunitatea kentzea aholkatu du
agentziak | eitb media
Horixe proposatu du Gai Juridikoen Batzordeak Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kasuetarako. Martxoaren 8ko astean izango da behin betiko bozketa Euroganberan.
Europako Parlamentuko Gai Juridikoen Batzordeak Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati JxCaten eurodiputatuei immunitatea kentzea aholkatu du, Espainiako Justiziak 2020ko hasieran egindako eskaerarekin bat eginez.
Horixe iragarri du Adrian Vazquez batzordeko presidenteak, hiru eurodiputatuen immunitateari buruzko txostenen bozketaren ostean. Txosten horietan jaso dutenez, auzibidean dauden gertakariak Europako Parlamentuko kide izan baino lehenagokoak dira.
Aldeko 15 botorekin, kontrako 8rekin eta bi abstentziorekin egin du aurrera proposamenak, ezkutuan egindako bozketa batean.
"Orain, emaitza Parlamentuko presidenteari bidaliko diogu, Sassoli jaunari, eta bere eskuetara iristen denean hurrengo osoko bilkurako agendan sartuko du, martxoaren 8ko astean", azaldu du Vazquezek bozketaren ostean.
Gai Juridikoen batzordea 25 kidek osatzen dute, eta horietako 7 Alderdi Popularrekoak dira; Sozialista eta Demokratek 5 dituzte; Europa Berrituko liberalek, 4; Nortasuna eta Demokrazia ultraeskuindarrek, 3; Berdeek, 2; Kontserbadore eta Erreformistek, 2; eta Ezkerrak, 1. 25. eurodiputatua independentea da.
Gaurko bozketa azken izapidea zen testua Europako Parlamentura igorri aurretik. Bertan, 705 eurodiputatuek erabakiko dute JxCateko eurodiputatuen immunitateaz, martxoaren 8ko astean.