NOOS AUZIA
Urdangarin Zaballako espetxean sartu da, eta Gasteizen egingo du lan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Astelehenetik ostegunera egin beharko du lo espetxean. Ostiraletik aurrera, ordea, kartzelatik kanpo bizi ahal izango da, eta astelehen gauean itzuli beharko du Zaballara.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñaki Urdangarin 5 urte eta 10 hilabeteko espetxe-zigorra betetzen ari da Noos auziagatik, eta gaur, goizeko 11:00ak baino lehen Zaballako espetxera heldu da. Hala, astelehenetik ostegunera baino ez du lo egingo espetxean, hirugarren graduko presoentzako modulu irekietan.
Palmako duke ohiak Arabako espetxeko dokumentazioa formalizatu du, eta erdiaskatasunean dauden eta banakako ziegetan lo egiten duten presoei zuzendutako modulua bisitatu du.
Auzi honen gertukoek baieztatu dutenez, Felipe VI.aren koinatuak Arabako espetxean egingo du lo gaurtik aurrera, Alcala de Henaresko (Madril) Gizarteratze Zentrotik (CIS) lekualdatzea onartu ondoren. Hirugarren graduan dauden presoentzako modulu irekiak ditu espetxe honek.
Espetxeko iturrien arabera, Urdangarin astelehenetik ostegunera joan beharko da lotara espetxera. Ostiraletik aurrera, berriz, behin lanetik irten eta gero, kartzelatik kanpo bizi ahal izango da asteburuan, eta astelehen gauean itzuli beharko du Arabako hiriburutik 14 kilometrora dagoen espetxe horretara.
2018ko ekainean sartu zuten Brievako emakumeen kartzelan Urdangarin dirua bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik, Administrazioari iruzur egiteagatik, bi delitu fiskalengatik eta Noos auzian influentzia-trafikoagatik.
Joan den irailetik, ordea, Pozuelo de Alarconen (Madril) dago, desgaitasuna duten pertsonak artatzeko GKE batean boluntario-lanak egiten. Iragan urtarrilean Alcala de Henaresen (Madril) dagoen Melchor Rodriguez Garcia gizarteratze zentrora eraman zuten.
Duela gutxi, berriz, Valladolideko Espetxe Zaintzako 1 zenbakiko epaileak bere abokatuak eskatutako hirugarren gradua eman zion, eta hark Arabako kartzelara lekualdatzea eskatu zuen, Urdangarin Gasteizen errotuta zegoelako; izan ere, Claire Libaert ama eta anai-arrebak bertan bizi dira.
Espetxeetako iturriek baztertu egin dute, oraingoz, aste osoan espetxetik kanpo bizitzen utziko diotenik eskumuturreko batekin egindako kontrol telematikoaren bidez; izan ere, hirugarren gradua emateko 83. artikulua aplikatu diote, kartzelan lo egitera behartzen duena, eta ez 86.4 artikulua, presoa espetxean lo egitetik salbuetsita geratzen dena.
Urdangarin Gasteizen izan zen duela bi hilabete, Gabon-gaua eta Eguberri eguna bere amaren etxebizitzan eman baitzituen, lau eguneko espetxe-baimenean.