Espetxeak
Egiari Zor: "Presoek jasandako indarkeriak aitortzea beharrezkoa da"
E. L. | EiTB Media
Igor Angulo eta Roberto Sainz presoen heriotzak gogora ekarri ditu Fundazioak ekitaldi batean, Santurtzin. "Salbuespeneko espetxe politika" bukatzea eskatu du.
"Presoek eta haien senitartekoek jasandako indarkeriak, zuzenekoak eta zeharkakoak" aitortzea beharrezkoa dela uste du Egiari Zor Fundazioak. Horretarako, "salbuespeneko espetxe politikak eragindako urraketak" argitara ateratzea aldarrikatu du.
Horregatik, ETAko presoei aplikatzen zaien "salbuespeneko espetxe politika" amaitzea eskatu du Fundazioak, baita "eragin dituen eskubideen urraketa eta sufrimendu guztiak" onartzea ere.
Igor Angulo Iturrate eta Roberto Sainz Olmos ETAko presoen heriotzak gogora ekarri ditu Egiari Zor Fundazioak ekitaldi batean, Santurtzin (Bizkaia). 2006an hil ziren, Cuencako eta Aranjuezeko espetxeetan.
Azken lau hamarkadetan "35 euskal preso politikok eta haien 16 senidek bizia galdu dute egoera ezberdinetan, aplikatutako salbuespen neurrien ondorioz", salatu du Fundazioak. Heriotzek komunean dute "salbuespeneko neurri politikoak aplikatu izana", gaineratu duenez.
"Osasun arreta egokia ukatzea, gaixotasun sendaezinen aurkako protokoloa modu bidegabean aplikatzea, kartzela barruko bizi baldintza gogorrak, isolamendua, urrunketa, sakabanaketa…", zerrendatu ditu.
Azken 4 hamarkadetan, 35 euskal presok eta 16 senidek galdu dute bizia egoera ezberdinetan, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondorioz.
— Egiari Zor Fundazioa (@EgiariZor) February 27, 2021
Horiez gain, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelaratzea saihestu nahian. pic.twitter.com/lF4szpXFea