Itxi

Tandem auzia

Villarejok hitz egiten eta defendatzen hasiko dela esan du espetxetik atera berritan

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

"Hori izan da ni espetxeratzeko arrazoi bakarra, ez hitz egitea", adierazi die komisario ohiak kazetariei.

Jose Villarejo komisario ohia, espetxetik atera berri. Argazkia: Efe

Jose Villarejo komisario ohia Madrilgo Estremera espetxetik atera da gaur, 18:30 aldera, 2017ko azarotik behin-behinean espetxean izan ostean, eta ohartarazi du hitz egiteko eta bere burua defendatzeko aukera izango duela orain. Villarejo 'Tandem auzia'ren harira sartu zuten preso.

"Hori izan da ni espetxeratzeko arrazoi bakarra, ez hitz egitea", adierazi die komisario ohiak kazetariei kartzelatik atera berritan, duela aste batzuetatik dituen osasun arazoengatik ezkerreko begia estalita zuela.

Manuel Garcia Castellon epaileak, Fiskaltzak eskatuta, erabaki du Villarejo aske uztea, azaroa baino lehenago epaitzea zail ikusten duelako, orduan beteko baita behin-behineko espetxealdian izateko epemuga.

Magistratuak eta fiskalak uste dute oraindik ihes egiteko arriskua dagoela, eta, hori dela eta, baldintza zorrotzak jarri dizkiote: etxetik gertuen duen epaitegira joan beharko du egunero, ezingo da Espainiako Estatutik irten, pasaportea kendu diote eta etxebizitza aldaketa guztiak jakinarazi beharko ditu.

Villarejok, hala ere, argi adierazi du ez duela ihes egiteko asmorik, eta auzipetuta dagoen 30 bat ikerketetan deklaratu behar duela. Bihar bertan, Auzitegi Nazionalera joango da bitan deklaratzera, eta "oso gauza interesgarriak" esan behar omen ditu.

"Defendatu besterik ez dut egin nahi", adierazi du Villarejok, eta bere espetxeratzea Felix Sanz Roldan CNIren buru ohiaren errua dela berretsi du.

Albisteak (1)