Koronabirusa
Urkullu: "Arazoak izan ditugu, guztiek bezala, baina erantzun dugu"
E. L. | EiTB Media
Pandemian zehar erakutsitako jarrera "negatiboa" aurpegiratu dio lehendakariak EH Bilduri. "Positibora" aldatzea espero du agintariak. Koalizioarekin bi aste barru bilduko dela iragarri du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Covid-19 pandemiaren 12 hilabeteetan zehar krisiari aurre egiteko kudeaketa arazoak izan direla onartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, baina Eusko Jaurlaritzak “erantzun” du.
Lehendakariak Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak egindako galderari erantzun dio Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Senideren bat galdu edo ospitaleratze luzeak pairatu dituzten pertsonei elkartasuna eta enpatia azaldu die Urkulluk. Birus ezezagun eta “oso larri” baten aurkako borroka etengabea izan dela azpimarratu du EAEko buruzagiak.
“Hamabi hilabete hauetan arazo ezezagunei aurre egin behar izan diegu, eta lana etengabea izan da”, nabarmendu du.
Zailtasun bakoitzaren aurrean, erakundeek konponbide bat eman behar izan dute, erantsi duenez. “Arazoak izan ditugu, guztiek bezala, eta izango ditugu, baina erantzun dugu”, azpimarratu du.
Arazoen zenbait adibide jarri ditu agintariak, besteak beste, osasun materiala. Martxoan eta apirilean norbera babesteko ekipamenduak, arnasgailuak, maskarak eta probak egiteko gaitasuna eskasak ziren, baina Osakidetzak bere baliabideekin erantzun zuen hondamendia saihestuz, nabarmendu duenez.
Hezkuntzan, ikasturte honetan aurrez aurreko eskolak bermatu dituzte, eta ekonomia eta enplegua astindu dituen krisiari aurre egiteko pizgarriak eta baliabideak bideratu dituzte, gogorarazi duenez.
Pandemian zehar erakutsitako jarrera “negatiboa” aurpegiratu dio Urkulluk EH Bilduri; Madrilen Europako funtsen inguruko estrategia espainiarrari babesa ematen zion bitartean, Euskadin Jaurlaritzaren jarrera kritikatu zuelako.
Gainera, koalizioak Madrilen bizitzeko gutxieneko diru-sarrera babestu zuen, EAEren eskumenak urratzea axola gabe, deitoratu duenez.
EH Bilduk jarrera “positibora” aldatzea espero du Urkulluk. Bi aste barru koalizioarekin bilduko dela aurreratu du lehendakariak.
Pandemian zehar Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa zalantzan jarri du Iriartek. Osasun langileak itota daudela eta zaintza sektoreak eraldaketa bat behar duela esan du koalizioko ordezkariak.
Era berean, txertaketa prozesua kritikatu du. “Txerto gehiago jarri, jende gehiagori eta azkarrago”, eskatu du Iriartek.
Bestalde, Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren “desordena, kaosa eta inprobisazioa” kritikatu ditu, krisiak astindutako sektoreak babesik gabe utzi dituelako. Euskadik “txertaketa erritmorik okerrena” izatea salatu du Iturgaizek. “Biztanleak baino 300.000 osasun txartel gehiago daude”, esan du.
Azkenik, lehendakariari erabakiren bat egokia izan ez dela entzun ez izana deitoratu du Amaia Martinez Vox ultraeskuineko alderdiaren legebiltzarkide bakarrak. Negozioen itxierarekin eta konfinamenduarekin “milaka pertsona” krisira zigortzea leporatu dio Urkulluri.